Isabel Azkarateren lanari aitortza egiten dion 'Arte eta parte' erakusketa jarri dute Donostiako San Telmo museoan
Gizakiak artearekin duen harreman estua erakusten duten hiru argazki-sailez osatutako erakusketa da.
San Telmo Museoak Isabel Azkarate. Arte eta parte erakusketa zabaldu du, argazkilari donostiarrak gizakiak artearekin duen harreman intimora egiten dituen hurbilketak aztertzen dituen erakusketa.
Isabel Azkarate (Donostia, 1950) artezale amorratua da eta panorama artistikoa dokumentatu izan du. Bere artxiboan laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetako ekitaldi ugari ikus daitezke, eta baita estatu mailako eta nazioarteko artista ezagunenen erretratuak ere. Erreportari grafiko lanetan aritu izan da eta gai sozial eta politikoak landu ditu hemen zein atzerrian. Donostiako Nazioarteko Zinemaldirako ere argazkiak atera izan zituen hogeita hiru urtez.
Erakusketaren lehenengo sailak bertako hamabost artista esanguratsuren erretratuak biltzen ditu, izan margolariak, eskultoreak, idazleak, musikariak edo zinemagileak. Artista hauek agertzen dira: Eduardo Chillida (Juana de Aizpuru galeristarekin), Juan Luis Goenaga, Jorge Oteiza, Ana Busto, Javier Gurruchaga eta Pedro Ayestaran, Andres Nagel, Alejandro Garmendia, Bernardo Atxaga, Julio Caro Baroja, Rafa Berrio, “La Otxoa”, Vicente Ameztoy, Daniel Calparsoro, Joxemiel Barandiaran eta Juan Chillida.
Bigarren seriea mundu osoko galeria eta museoetan hartutako hamazazpi argazkik osatzen dute. Bertan, ikusleak arte garaikideko obrekin elkarreragiten ageri dira, batez ere emakumeen gorputzaren irudikapen hiperrealisten aurrean. Behatzen ari den eta aldi berean behatua izaten ari den jendea azaltzen da irudietan.
Biltegira eramandakoak izeneko hirugarren sailak, laurogeiko hamarkadan New Yorken, American Museum of Natural History-n, egindako eta orain arte argitaratu gabeko argazki-saiakera jasotzen du. Azkaratek museoaren biltegian abandonatutako amerindiarren eta afroamerikarren bustoen bilduma bat topatu zuen.
Kutxa Fundazioaren Artegunea aretoan, Tabakaleran, ikusgai dagoen Isabel Azkarate atzera begirakoaren osagarri da honako hau. Fotokazetariaren ibilbide osoa errepasatzen du eta otsailaren 25era arte izango da irekita. Bi erakusketen komisarioa Silvia Omedes da, Photographic Social Vision Fundazioko zuzendaria.
Azkarateren lanaren inguruko liburuxka
Blume argitaletxeak, Photographic Fundazioak eta Kutxa Fundazioak, San Telmorekin elkarlanean, Isabel Azkarate liburua argitaratu dute. Azkareteren berrehun bat irudi jasotzen ditu, horietako asko argitaratu gabeak, eta Silvia Omedes komisarioaren eta Odile Kruzeta kazetariaren testuak ere badira argitalpenean. Koloretako eta zuri-beltzeko irudiak ditu, 244 orrialde, eta euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak. 45 euroan saltzen da.