Iruñeko 'Punto de Vista' dokumental jaialdia martxan da

Ione Atenea eta Arantza Santesteban nafarren filmak ikusteko aukera izango da, besteak beste.

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak 60 jarduera eta proiekzio baino gehiago antolatu ditu zazpi sailetan egituratuta: Sail Ofiziala, Atzerabegirakoak, Foku, Lan, Kontaktuak, X Films eta Hezkuntza Programa. Hogei nazionalitate baino gehiagoko ehun film inguru proiektatuko dira, besteak beste, Japonia, Frantzia, Estatu Batuak, Espainia, Afganistan, Italia, Argentina, Bosnia, Txina, Irlanda, Filipinak eta Kamerungoak. Atzo abiatu zen jaialdia eta larunbatera arte arte iraungo du.

Nafarroak ere ordezkaritza izango du jaialdian. Ione Atenea zinemagile nafarraren Los caballos mueren al amanecer film luzea estreinatuko da, eta Arantza Santestebanek 918 gau aurkeztuko du. Azken honek Lisboa eta Turingo jaialdietan film onenaren saria irabazi du. Bestetik, Irati Gorostidi eta Mirari Etxabarrik Nafarroan filmatutako San Simon 62 pelikula estreinatuko da.

Nafarroako ibaiek ere izango dute protagonismoa, Miriam Martin zinemagile eta programatzaileak proposatutakoTopaketa ibaian atzerabegirakoan. Martxoaren 18an Arga sorgindua izeneko bi ordu inguruko ibilaldia egingo dute ibaien bueltan; Santa Engrazia zubitik abiatuko da eta edonork har dezake parte, aldez aurretik izena eman gabe. 

Emanaldietarako sarrerak jaialdiaren webgunean eskura daitezke, hiru eurotan. Programazioa hemen dago kontsultagai.