Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketarako deialdia egin dute Iruñean

Ekainaren 15ean amaituko da testuak aurkezteko epea.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak  haurrei zuzendutako hogeita hamahirugarren antzerki-testuen lehiaketa jarri dute martxan. Euskarazko eta gaztelaniazko modalitateak izango dira eta 18 urtetik gorako edonork parte har dezake.

Egile bakoitzak euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako hiru testu aurkeztu ahalko ditu gehienez. Testuek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta ezin izango da testu bera bi modalitateetan aurkeztu. Gainera, ezin dira aurkeztu beste lehiaketatan saritutako obrak, eta ezta konpainia batek estreinatutakoak ere. Antzezlanak haurrentzako lanetan ohikoa deniraupena izan behar du.

Testuak posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: biblioteca@laescueladeteatro.com. Alde batetik, testua bidali beharko da izengoitiarekin; eta, bestetik, datu pertsonalak eta bestelakoak. Ekainaren 15ean amaituko da lanak bidaltzeko epea.

Honako hauek hartuko dira kontuan lanak aukeratzeko garaian: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Epaimahaiaren epaia iraileko lehen astean jakinaraziko dute.

Euskarazko zein gaztelaniazko modalitateetan saritutako lanak Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, urtebetez, haiek argitaratu edota taularatzeko.