Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren hirugarren edizioa martxan da
Lanak online aurkeztu behar dira ekainaren 30era bitarte.
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu dute. Lehiaketan Nafarroako egileek zein nafarrak ez diren baina bertan bizi direnek har dezakete parte.
Lanek gai eta neurri librea izango dute, euskaraz idatziak izan beharko dira, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Bertsoen doinua ere zehaztu beharko da. Luzerari dagokionez, kategorien arabera zehaztu dute bertso kopurua. A kategoriakoek, 2009an edo geroago jaiotakoek, gutxienez bi bertso eta gehienez lau aurkeztu beharko dituzte. B kategoriakoek, 2005 eta 2008 bitartekoek, lau eta zortzi bertso artean egin beharko dituzte. Azkenik, C kategoriakoek, 2004. urtean edo lehenago jaiotakoek, gutxienez hamabi eta gehienez hamasei bertso osatu beharko dituzte. A eta B kategorietan parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahalko ditu, eta C kategorian, berriz, lan bakarra. Lehiaketaren aurreko bi edizioetan C kategorian lehen saria jaso dutenek ezin izango dute berriz parte hartu.
Lanak aurkezteko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Lanak online aurkeztu beharko dira formularioa betez. Oinarriak hemen kontsulta daitezke.
Epaimahaia Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatuko dute, eta kategoria bakoitzak bere sariak izango ditu. A kategorian, 150, 100 eta 50 euroko kultura-bonuak jasoko dituzte lehen hiru sailkatuek. B kategorian sariak 350, 200 eta 150 eurokoak izango dira. C kategorian, aldiz, 1.500 euro jasoko ditu lehen sarituak, 1.000 euro bigarrenak, eta 500 hirugarrenak. Sariak banatzeko ekitaldia udazkenean egingo dute.
Iaz, Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren bigarren edizioan, hogei egileren hogeita bi lan aurkeztu ziren. Lehen sariak Saioa Alkaiza Guallarrek, Nora Mendia Zabalzak eta Loitzate Goñi Elortzak irabazi zituzten. Lehenengo edizioan, berriz, hogeita lau lan jaso ziren.
