Iruñea Rock
Iruñerria nirvana bihurtu da musikazaleentzat: rock mugimendua pil-pilean dago bertan. Azken urteotan, hamaika talde sortu dira; gazteak, estilo anitzekoak, euskaldunak eta errebeldeak. Susto ederra hartuko lukete Miguel Sanzek eta Yolanda Barcinak, beraien seme-alabek talde hauek entzuten dituztela jakingo balute!
Aurreko belaunaldiei zor diegu, Iruñean, gaur egun, halako mugimendu aberatsa izatea; hori azpimarratu digu Gor diskoetxeko Mariño Goñik: "Gaur egun, Iruñerrian, duela 20 urte Ingalaterran gertatutako gauza bera gertatzen ari da. Orain sortzen ari diren talde gazte hauen atzean, musikan aritu zen belaunaldi helduago bat dago".
Barricada, Tahures Zurdos, Koma, Flitter, Berri Txarrak, Mermaid
Iragan aberats horrek zabaldu die bidea egungo musikari gazteei. Talde ospetsu horiek sortutako ondarea ez da soilik musikara mugatu; izan ere, azken urteotan, musikan jardun ahal izateko azpiegitura asko sortu da Iruñerrian. "Garai batean oso zaila zen talde bat sortzea, eta musikari izatea ez zen batere arrunta. Gaur egun, aldiz, gazte batek erraz ikas dezake bateria edo baxua jotzen, eta errazagoa da entsegatzeko lokala lortzea. Gaur egun, azpiegitura hori badugu Iruñean", dio Xabi Sagardiak, Entzun! musika aldizkariaren koordinatzaileak.
Artsaia, epizentro
Azken hamar urteotan, nabaria izan da azpiegitura horien eragina; izan ere, Iruñean eta inguruko herrietan, ugaldu egin dira musika eskolak eta entsegu-lokalak. Dena den, Aizoaingo Artsaia da adibiderik azpimarragarriena.
Artsaian, talde kontsagratuekin batera Berri Txarrak, Tahures Zurdos, Dickers , azkenaldian Iruñeko eszena berriaren eredu bihurtu diren taldeek entsegatzen dute, Akatu edota Vortex nu-metal taldeek, esaterako. Entsegu-lekua, musika eskola modernoa, eta talde hasiberriendako kontzertugunea bihurtu da Artsaia.
Euskaldun eta errebelde
Kontuan hartu beharreko beste faktore bat ere badago Iruñerriko musika mugimendu berria az-tertzerakoan: "Gazte euskaldunak asko ugaritu dira azken urteetan, D ereduko ikastetxe eta ikastolen urteetako lanaren ondorioz. Hori hainbat esparrutan islatzen da, literaturan, kazetaritzan, eta nola ez, baita musikan ere", dio Entzun!-eko Xabi Sagardiak.
Faktore soziopolitikoek ere garrantzi handia dute Iruñeko musika errebeldearen loratze berri honetan. "Iruñean, gertaera politikoak oso modu intentsoan jarraitu ohi ditugu, batez ere, gure agintariak nahiko muturrekoak izan direlako beti", diosku Oskar Beorlegik, Diario de Noticias egunkariko kazetariak. "Musikariak ez dira gertaera horietatlk at bizi, eta, betidanik, musika erabili dute gure kutsu errebeldea islatu eta zabaltzeko. Ezin dugu ahantzi Euskal Herriko hiriburu historikoa dela Iruñea, eta baita intsumisioarena ere. Horrek gazte mugimendu handia eman digu. Gogora dezagun Euskal Jai gaztetxearen defentsan sortu zen mugimendu guztia: Iruñea bizirik dago".
Hainbeste dira Iruñerriko taldeak, hainbeste estilo eta musika etiketa daude, ezinezkoa baita sailkapen orokorra egitea. Oscar Beorlegi eta Xabi Sagardia kazetariekin, eta Marino Goñi Gor diskoetxeko arduradunarekin izandako elkarrizketen ondoren, guk ondorengo sailkapena egin dugu.
Umore nafarra
Nafarroak badu izaera berezia, umoretsua eta ironikoa, Tijuana In Blue eta Cojon Prieto y los Huajolotes taldeek argi erakutsi zuten moduan. Eta egungo taldeen artean ere, horrelako ereduak aurki ditzakegu: musika egiteaz gain, hitz eta zuzeneko umoretsu eta ironikoak uztartzen dituzten taldeak, alegia. Bigarren diskoa kaleratu berri duen Lehendakaris Muertos taldeaz gain, Basque Country Pharaons, The Foralettes eta Banda Batxoki aipa genitzake estilo "nafar" honen barruan.
Mermaid eta Big Member taldeetatik etorritako musikariek osatutako rock banda dugu Basque Country Pharaons. Iñigo Firehead abeslari eta showmana dute gidari, eta, gaur egun, Iruñeko talderik interesgarrienetarikoa da zuzenekoetan. Pare bat abesti dituzte bakarrik grabatuta, taula gainean aritzea baita haien arrakastaren gakoa. Joan den urtean, Basque Country Pharaons-ek lehen saria eskuratu zuen Atarrabiako musika talde gazteen lehiaketan.
The Foralettes taldea, berriz, oinarri musikal handiko garage-soul taldea da, zuzeneko aski entretenigarria duena. Hiru neska abeslari, zuzenekoetan gidari den Jon Celestino teklatuan, eta 60ko hamarkadako gau giroa sortzeko gogo bizia: horixe da haien arrakastaren formula.
Bestalde, irribarrea eta giro ona sortu nahi duten talde berri hauen artean, Banda Batxoki aipatu behar, derrigorrez. Txantrea auzoko talde hau, punka eta rockaren artean mugitzen da, baina, musika soila baino gehiago, musika-ikuskizuna egiten dute taula gainean. 2000 urtetik hona, Iruñerriko eskenatoki guztiak zapaldu dituzte, eta, azkenaldion, Euskal Herri osoko txokoetara iristen ari dira, "Punk de guerrillas" izeneko ikuskizunarekin.
Iruñea heavya da
"Iruñean rock gogorraren barruko estiloak eta punka dira nagusi", dio Diario de Noticias-eko Oscar Beorlegik, eta, egia esan, hala baieztatzen ahal da, Iruñeko musika taldeen zerrendari erreparatuz gero.
Berri Txarrak taldearen eragina nabaria izan da, euskal talde berriengan. "Meritu handia duen taldea da, euskaraz abestuz, sekula talde nafar batek lortu ez duena lortu baitute; Europa mailan erreferente izatea, alegia", dio Xabi Sagardiak. Egungo talde askok Lekunberrikoek markatutako bidetik jo dute. Horixe da Iruñeko Akatu eta Barañaingo Vortex taldeen kasua.
Akatu taldea jo eta su dabil 2000 urtetik hona. Akatu-koek soinu berezia lortu dute nu-metal melodikoa, eta afrikar perkusioa uztartuz. 2004an, Iruñerrian arrakasta handia izan zuen maketa kaleratu zuten, eta ondoren, Euskal Herri osoan ibili dira azken bi urteotan. Orain, lehendabiziko lan luzea prestatzen ari dira, eta Durangoko azokarako prest edukitzea espero dute.
Barañaingo Vortex talde ere grabaketa lanetan dabil, lehen maketa kaleratzeko asmoa dute eta. Hauek ere nu-metal gogorra egiten dute, eta musika munduan soilik hiru urte daramatzaten arren, jadanik kontzertuak eman dituzte Flitter, Doctor Deseo eta Lehiotikan talde ezagunekin. 2004ko sanferminetan eman zuten kontzertu azpimarragarriena, 4.000 pertsonen aurrean, Koma taldearekin. Dudarik gabe, etorkizun handiko taldea da Vortex.
Baina bi talde garrantzitsu horiez gain, metal eszena aberatsa du Iruñeak: Sök, Khous, Bathoo, Out Of Noise...
Punkiak, nahi adina
Punk mugimendua ere aipatu beharra dago, noski. Asto Pituak eta El Trono de Judas talde ezagunen ondoren, hamaika talde sortu baitira azken urteotan.
Estilo honetan, Zartakada taldea dugu azpimarragarriena. Zartako eta Arkada taldeak batutakoan sortu zen Zartakada. Aurreko bi taldeak askotan aritu ziren Iruñerriko gaztetxe eta txoznetan, eta ospetsu egin ziren gazteen artean. Zartakada taldearekin arrakasta horri eutsi diote.
Bestalde, Gaztaka Oi! taldea ere erreferente bihurtzen ari da. Punk-oi! doinu gordinenak trikitixa soinuekin nahasten dituzte, eta 20 kontzertu baino gehiago eman dituzte. Zizur Nagusiko Gaitz taldea ere ez dabil atzera, eta lagun piloa biltzen du kontzertuetan. Gaitzek oraindik ez du maketarik kaleratu, baina haien abestiak ezagun egiten hasi dira Iruñea inguruan. Dena den, aipatu talde nagusi hauez gain. punk rock taldeen zerrenda amaiezina da Iruñean: Ukatu, Acto Reflejo, Suntsiketa, Astindu, Kezka, Ukabildu, Hautsi, Aketza, Resquicio, Kasu!.
Talde hauetako gehienek euskaraz dituzte izenak, eta taldeetako musikari gehientsuenak ere euskaldunak dira. Dena den, talde gutxi aritzen dira euskara hutsez horrek bai emango liekeela tripakomina Sanz eta Barcinari!. Askotan, euskara eta gaztelania nahasten dituzte.
Rock zaharra
Rock zaharrak ere badu bere tokia Iruñerrian. Barricada eta Mermaid izan ziren aitzindari, eta, gaur egun, Green Manalishi, Esquadron, Buck Dharma, Electric Riders eta Sussie Q taldeak ari dira 60eko eta 70eko hamarkadako doinuak egiten. Barricada taldeak sakon markatu zuen Nafarroako musika eszena, eta hori oso nabaria da
Hala ere, dena ez da bortitz eta gogor Iruñean, eta badira pop-rock eta indie doinuetara hurreratu diren taldeak ere. Horietako batzuk, benetan interesgarriak dira: El Columpio Asesino eta Half Foot Outside, adibidez. Euskaraz abesten dutenen artean, Kerobia izan da azken urteotako sorpresarik handienetako bat: doinu leun eta suabeekin, arrakasta handia lortu dute Euskal Herria osoan. Udazkenean, beren bigarren diskoa kaleratuko dute Gor diskoetxearekin.
Era berean, interesgarria da Isla Canguro izeneko egitasmo berria. Diot taldean aritutako musikariak elkartu dira Isla Canguron, eta funk-ska-rock-reggae nahasketa polita egiten dute. Izan ere, rockaz haratago ere, aberatsa da Iruñerriko musika mugimendua. Sanz eta Barcina urduri ibiliko dira, gure Nirvana berezi honetan...