Iruindarrek sanferminetako kartel gustukoena bozka dezakete
Hamar kartel finalisten artean aukeratzeko epea maiatzaren 4an amaituko da.
Kondestablearen jauregian daude ikusgai 2022ko sanferminetako kartel lehiaketako hamar kartel finalistak eta baita udalaren webgunean ere. Epaimahaiak hautautako hamar finalistak ezagututa, herritarren esku egongo da azken hautaketa, eta maiatzaren 4ra arte eman dezakete botoa. Iruñean erroldatuek dute soilik bozkatzeko aukera, eta boto bakarra eman dezake pertsona bakoitzak. Maiatzaren 5ean, osteguna, jakinaraziko da zein den boto gehien jaso dituen kartela. Kartel irabazlearen egileak 6.000 euro jasoko ditu.
Bozkatzeko hainbat bide daude: telematikoki, webgunearen bidez; Herritarrentzako Arreta telefonoetan; eta, azkenik, aurrez aurre, hiriko edozein Civivoxetan, dagokion txartela sartuz hautetsontzietan.
Lan finalistak hautatzerakoan, epaimahaiak “kalitate grafiko handiko eta hura egiterakoan hainbat hizkuntza-estilo eta kontzeptu artistiko proposatzen dituen” multzoa bildu nahi izan du. Lan figuratiboagoak eta beste lan abstraktuagoak eta kontzeptualagoak daudela nabarmendu dute. “Dibertsitate kromatikoa eta dinamikoa jasotzen da. Kartel estatikoagoak, beste batzuk dinamikoagoak. Proposamenen oreka bilatuz, herritarrek bozkatu ditzaten. Eta, aldi berean, baloratu egin da jaiari lotutako hainbat ikono eta gai agertzea”.
Edizio honetan 601 kartel aurkeztu dira guztira. Azken hogei urteetako bigarren parte-hartzerik altuena izan da, 2004an aurkeztutako 622 lanen atzetik. Aurtengo sormen-lan guztien artetik, 188 Iruñetik igorri dira, eta 192 Nafarroako beste herri batzuetatik. Beste 206 kartel Espainiako autonomia-erkidegoetatik heldu dira (% 34). Honako hauek izan dira parte-hartze handieneko probintziak: Madril (29), Bizkaia (19), Gipuzkoa (17), Valentzia (16), Bartzelona (15) eta Zaragoza (11). Halaber, beste hamahiru kartel nazioartekoak dira (% 3): lau Italiakoak, hiru Frantziakoak, bi Estatu Batuetakoak, eta Erresuma Batuko, Argentinako, Mexikoko eta Japoniako bana. Igorleen adinari dagokionez, 253 egilek 30 eta 49 urte bitarte dituzte, 159k 50 urte baino gehiago dituzte, 129k 19 eta 29 urte bitarte, eta gainerako 26ak hemezortzi urte arteko gazteak dira.
