Irudizko ruritania irudiztatua

Bi osagaiz egindako konposizioa da Irudizko Ruritania irudiztatua. Alde batetik, Santi Perez Isasiren testua, laua eta deskriptiboa, XIX. mende inguruko testuingururako hizkera jasoa eta ukitu eszentrikoa ematen dioten egungo elementuak eta espresio praktikoa tartekatzen dituena. Horri lagun eginez, Ainize Santosen marrazkiak, surrealistak eta iradokitzaileak, garunaz ikusi eta begiez pentsatu beharreko irudiak. Bien artean ilustratzen digute Ruritaniako geografia. Balizko herrialdea da Ruritania. Europa Zaharreko herrialde ezagunen artean marrazturiko irla. Irrigarriak dira kasik bere historiako pasarteak, zehaztugabeak, bertsio ofizialik bakoak. Absurdoaren paradigma dira erruritaniarren herritartasuna, ondare historikoa babesteko trakeskeria, Ruritaniaren mugak erabakitzeko ezintasuna… Edozein herrialderen absurdotasuna agerian uzteko bezain antza handia du Ruritaniak gure munduarena.