'Irudiak mintzo. Arte garaikidearen hastapenak' ikastaroa egingo dute Gasteizko Artiumen
Irudien eta artearen inguruan 1970tik gaur egunera arte sortutako proposamenak aztertuko dituzte.
Gasteizko Artium museoak arte garaikidearen hastapenen inguruko Irudiak mintzo erakusketa antolatu du. Ikastaroaren baitan bederatzi saio egingo dituzte, irakasle espezializatuek eta artearen historialariek gidatuak, eta Museoaren bildumara eta biltegietara bisita ere izango da, bertako arduradunekin. Ane Lekuona EHUko irakasleak koordinatuko ditu saioak. Ikastaroa urtarrilaren 26tik apirilaren 13ra izango da, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara.
1970eko hamarkadatik gaur egunera arte irudien eta artearen inguruan sortutako proposamenak aztertu nahi dituzte. Lekuonak azaldu duenez, "ikastaroa topaleku bat izango da, begirada eta galdera berriekin artearen eta irudien berrirakurketa egingo dugu, gure oroimena berrikusteko, bestelako ahots batzuk entzuteko eta geure burua haietan ezagutarazteko".
Lehen saioa urtarrilaren 26an izango da, Ane Lekuona Artearen Historiako Departamentuko irakaslearen eta Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariaren eskutik. Ikastaroaren helburuez jardungo dute; arte garaikidea ulertzeko funtsezko planteamenduak aurkeztuko dituzte, museoaren bildumatik eta aldi baterako erakusketetatik abiatuta. Bigarren saioa otsailaren 9an izango da Ismael Manterola EHUko irakaslearekin. Frankismo berantiarreko eta demokraziaren hastapeneko Euskal Herriko testuinguru soziokultural eta politikoa izango dute aztergai, eta baita arteak eta hainbat artistak garai hartan bete zuten eginkizuna ere. Otsailaren 16an Garazi Ansa EHUko irakaslea izango dute bidelagun eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik Euskal Herrian jarduera artistikoek mugimendu feministaren zabalkundearekin izan zuten loturari erreparatuko diote. Otsailaren 23an, arte kontzeptualaren joerak aldarrikatzen dituen planteamendu teorikoak aztertuko dituzte Xabier Gantzarainekin.
Idoia Zabaleta koreografo, irakasle eta dantza-zuzendariak hartuko du parte martxoaren 2ko saioan, eta gorputzean sartzeko moduak pentsatzeari eta praktikatzeari buruzkoa izango da. Martxoaren 9an arte garaikideko museoetako dokumentazio-zentroen egitekoetan, funtzionamenduan eta erronketan sakonduko dute Elena Rosasekin. Martxoaren 16an museoaren historia eta bertako obra ikur batzuk nabarmenduko ditu Enrique Martínez Goikoetxea Artium Museoko Bildumaren Kontserbatzaileak. Martxoaren 23an, berriz, erakusketek eta museoek artearekin dugun harreman motan duten eraginari buruz jardungo du Haizea Barcenillak.
Apirilaren 6ko saioan Latinoamerikako boterearen izaera kolonialaren eta lurralde hartan hainbat artista-belaunaldik herentzia kolonialari aurre egiteko hartutako bideen oinarriak aztertuko dituzte Catalina Lozano komisario eta ikertzaile independentearekin. Azkenik, apirilaren 13an, Artium museoaren bilduma bisitatuko dute.
Ikastaroa doan izango da Artium museoaren adiskideentzat eta Arte Ederretako eta Artearen Historiako fakultateko ikasleentzat. Homologatutako ikasketetako ikasleek 25 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 60 euro. Izen-ematea 945209020 telefonoan egin behar da, museoaren ordutegian.