Irrintzi lehiaketa Urnietan
Urnietako Iñistorra Biltzarrak I Maria Arizmendi Irrintzi Lehiaketa antolatuko du aurten, herriko Sanmiel jaien baitan. Parte hartu nahi duen euskal herritar ororentzat zabalik dago lehiaketa, baita atzerritarrentzat ere, eta bi mailatan banatuko da: helduena 14 urtez gorakoentzat eta gaztetxoena 14 urtez beherakoentzat. Urnietako San Juan plazan izango da hitzordua, iluntzeko 19:30ean irailaren 27an, Iñistor egunean hain zuzen.
Berbena eta erromeri guztietan irrintzika ibiltzen den horietakoa bazara, zure dohaina neurtzeko aukera paregabea duzu Urnietan. Aiaiaiaiaiaiaiiiiiiaaaaaaaa hai hai hai hai!
Aurten ehun urte bete dira Maria Arizmendi Isasa herriko euskaltzalea jaio zenetik eta, omenaldi modura, bere izena hartu duen lehenengo irrintzi lehiaketa antolatzea bururatu zaio bertako Iñistorra biltzarrari.
Lehiaketa zeharo irekia da parte hartu nahi duen ororentzat eta bota beharreko irrintzia partehartzaile bakoitzaren aukerakoa izango da moduari, iraupenari eta gainerako ezaugarriei dagokionez. Hori bai, lau lagunek osaturiko epaimahaiak bi maila bereiziko ditu: 14 urtez beherakoak arituko dira batetik, eta 14 urtez gorakoak bestetik. Animatzen direnek (eta zaretenek) irailaren 27an, iluntzeko 19:30ean duzue hitzordua Urnietako San Juan plazan. Eztarria ongi zaindu ordurako.
Gogoratu lehiatu ahal izateko ezinbestekoa dela izena ematea. Horretarako epea jadanik irekita dago eta hilaren 27an, lehiaketaren hasiera orduan itxiko bada ere, antolatzaileek bi telefono zenbaki eskaini dituzte horretarako: 943-300-733 edo 943-331-455. Zergatik ez?