Irene Martinez (Loadinn): "Gure erronka Ekipintxo Gipuzkoako herri gehiagotan antolatzea da"
Maiatzaren 17an Loadinn elkarteak, kultura aberasteko asmoz, Ekipintxo ekitaldia antolatu du Hernanin. Musika, bertako produktu eta pintxoak eta Aralar, Joxe Mari, Tripontzi eta Zumitza tabernetako janari goxoak izango dira eguneko protagonistak. GAZTEZULOn antolatzaileekin izan gara.
Maiatzaren 17ko aurrerapena egingo diguzu?
Hernaniko Aralar, Joxe Mari, Tripontzi eta Zumitza tabernek parte hartuko dute Ekipintxo ekitaldian, eta horietako bakoitzak pintxo bat prestatu beharko du txapelketako hiru epaimahaiei aurkezteko. Esate baterako, Luis Irizar izango dugu izen bereko Sukaldaritza Eskolako fundatzailea, pintxoak dastatu eta irabazlea zein izango den erabakitzeko. Bestalde, Iraitz Mateo bertsolariak bertsoak asmatuko ditu parte hartuko duten pintxoetan inspiratutak, eta lehiaketan parte hartuko duten sukaldariek bertan aurkeztutako pintxoa tabernetan saltzea erabakitzen badute, pintxoaren ondoan honi dagokion bertsoa erakusteko aukera edukiko dute.
Herritarren partaidetza ere sustatu nahi izan duzue, pintxo hoberena bozkatuz.
Noski, ekitaldiaren ardatz garrantzitsua izango baitira herritarrak. Horrez gain, euskal musikaz lagunduta festa giroa egongo da Naroa Jaka eta David Soriazuren bitartez.
Zein da ekimenaren helburu nagusia?
Hernaniko kultura aberastuko duen ekitaldi bat antolatu nahi izan dugu, etxeko musika, produktuak, pintxoak eta pertsonak bateratuz. Aldi berean, lekuko musika talde eta abeslariak, bertako nekazaritza eta ostalaritza, eta herritarren partaidetza sustatu nahi dugu.
Egitaraua prest duzue?
Bai, 11:00etan ekitaldiaren aurkezpena egingo da, eta parte hartu duten taberna bakoitzeko ordezkarien, babesleen, laguntzaileen eta Loadinnen aurkezpenak egingo dira Ondoren, pintxoak eta edaria saltzen hasiko gara, izan ere taberna bakoitzak pintxo gehiago egingo ditu Hernaniko biztanleek dastatu ditzaten ondoren bozkatzeko, beti euskal musikaz lagunduta. 13:20etan pintxoak epaile profesionalei aurkeztuko zaizkio eta Iraitzek bertso bat botako du pintxo bakoitzaren inguruan eta epaimahaiek dastatu egingo dituzte. Azkenik, 13:50etan sari banaketa egingo da.
Hernaniko hainbat eragilek parte hartuko dute, ezta?
Bai, eta eskerrak eman nahi diezkiegu Aralar, Joxe Mari, Tripontzi eta Zumitza tabernei eta baita Hernaniko Berriak elkarteari, Hernaniko Udalari eta Luis Irizar Sukaldaritza Eskolari ere, eskainitako babesarengatik. Azkenik, ekitaldi hau ezinezkoa izango litzateke, besteak beste, Cvne, Keler, Sagarmiña Txakolina, Hiruzta Txakolina, Insalus, Eusko Label eta Eroskiren laguntzarik gabe.
Aipatutako eragileez aparte, Loadinn elkarteak sortu du Ekipintxo egitasmoa. 15 kidek osatzen duzue elkartea, baina noiz eta nola sortu zen?
Loadinn 2013ko azaroan sortu zen. Mondragon Unibertsitateko Lidergo, Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikasleak gara eta lehenengo urtean bi ekipo sortzen dira eta ekipo bakoitzak ikasle elkarte bat sortu behar du hirugarren urtean kooperatiba bat sortzeko. Metodologia honen bidez enpresa bat nola sortzen den eta nola funtzionatzen duen ikasten dugu proiektuak garatuz eta taldean lan egiten ikasiz.
Amaitzen joateko, antolatzen duzuen lehen edizioa izango da aurtengoa baina, etorkizunari begira zein dira zuen erronka nagusiak?
Lehenengo ekitaldi honen antolakuntzan egin ditugun eta Ekipintxo egunean egingo ditugun akatsetatik ikastea, hurrengo herrietan ekitaldiaren antolaketa arinagoa eta errazagoa izan dadin, izan ere gure erronka nagusia Ekipintxo Gipuzkoako herri gehiagotan antolatzea da.
Non izango da beraz hurrengo Ekipintxo?
Beasaingo Ostalari eta Merkatarien elkarteko buruarekin bildu ginen eta ideia asko gustatu zitzaionez Hernaniko hitzorduko argazkiak eta bideoak bidaltzeko eskatu zigun, ondoren Beasaingo antolakuntza errazteko asmoz. Oraindik, beraz, ez dugu ezer lotuta baina lanean ari gara eta hurrengo ekimena Beasainen izateko asmoa dugu.
Ekipintxo-Dastatu from Ignacio Santos on Vimeo.