Iratxe Fresnedaren 'Irrintziaren Oihartzunak' dokumentala eskainiko dute bihar Iruñean

Mirentxu Loyarte zinemagile nafarraren obrari eta memoriari buruzko ikus-entzunezkoa da.

Kondestablearen Jauregiak Iratxe Fresnedak zuzendutako Irrintziaren Oihartzunak dokumentala emango du bihar, martxoak 1, Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatuta. Egileak bera ere bertan izango da, gainera, pelikula bertaratzen direnei aurkezteko. Emanaldia 19:30etik aurrera izango da. 

Mirentxu Loyartek (Iruñea, 1938) sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia jasotzen du dokumentalak. Mirentxu Loyarte euskarazko film bat errodatu duen lehen emakumea da, Euskal Emakumeak izenekoa hain zuzen ere. Horretaz gain, Europako zinemagintzaren aitzindari ausartzat jotzen da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagile nafarraren memoria eta obrari egindako begirada da dokumentala: "Topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena".

Iratxe Fresneda Delgado Ikus-entzunezkoen Komunikazioa Doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezkoen Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea. Lars von Trier-en zinema-lanetako emakumearen estereotipoen inguruko doktore-tesiak Eusko Jaurlaritzaren Ikerketa eta Zientzia Politika Sailaren beka eskuratu zuen. Renoko (AEB) University of Nevada unibertsitateko eta Suediako Lund University unibertsitateko Film Studies Saileko irakasle bisitaria ere izan da eta EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean irakasle da. Bestetik, komunikabideen munduarekin ere  badu lotura. Radio Euskadi irratiko hainbat programa kulturalen zuzendaria eta gidoilaria da, eta Gara eta Bilbao egunkarietako zutabegilea. Horretaz gain, komunikabide, zinemagile eta zinemarekin lotutako hainbat erakunderekin kolaboratzen du.