Iratiko Tourra
Uztailaren 2an eta 3an Euskal Herriko Zikloturista itzulia egingo dute Zuberoan. Filosofia berezia du lasterketa honek, lehia bigarren maila batean uzten baita. Ingurugiroaz eta lagunen konpainiaz gozatu eta euskal selekzioen aldeko aldarria zabaltzea da ideia.
Euskal selekzioaren aldeko iritzi taldeak (ESAIT) eta Sport Athlétique Mauléonais (SAM) elkarteak antolatu dute itzulia. Uztailaren 2an, larunbata, Maule-Maule 85 kilometroko zirkuitua egingo dute. Irteera 10:30etan izango da eta kronometraturiko zatiak 10 kilometro izango ditu, hain zuzen ere Mendibe-Behorlegi-Aphanize mendatean. Bigarren eguna, uztailaren 3an, gogorxeagoa izango da: Maule-Maule izango da berriro zirkuitua, baina 148 kilometro izango ditu, Oskaxe, Gamia, Izarbe eta Burdingurutzeta mendateak igaroko ditu, eta kronometratua azken honen igoera izango da. Goizeko bederatzietan emango da irteera.
Tourraren ibilbide gehiena 'neutralizatua' izango da, bada. Antolatzaileek honekin zikloturismo proba mota berri bati ireki nahi izan diote atea; lehia itsuan ibili beharrean elkarrekin buelta bat emateko aukera ematen duen itzulia.
Hirugarren edizioa da aurtengoa eta aurreko bietan modalitate berriak arrakasta handia izan zuen. Iaz, esaterako, 250 lagunek hartu zuten parte. Euskal selekzioen aldeko aldarrikapena zabaltzeko ere aprobetxatzen da itzulia, eta litekeena da aldarrikapen honen oihartzunak ohikoa baino jende gehiago biltzea.
Pedalak astinduaz lagun giroan inguruneaz eta trafiko gutxiko ibilbideaz gozatu nahi duenari aukera polita suertatu zaio, bada, itzuli honekin. Puntako kirolaria ez denak ere egiteko modukoa da gainera aukera eskaintzen baita egun bietarako nahiz egun bakarrerako izena emateko.