Irati Erauskin: “Presio sozial handia dago eta lanketa handia egin behar dugu sexua modu askean bizitzeko”
Irati Erauskin (Hondarribia, 1996) psikologoa eta eduki sortzailea da, La Panto ezizenez ezaguna. Ohiko gardentasunez eta umorez erantzun ditu gure galderak.
Zer telesail edo filmek jartzen zaitu bero-bero?
Ez naiz Elite-ren estiloko telesailen oso zalea. Nire telesail gustukoena Aqui no hay quien viva izan da. Pablo Guerra izan da beti nire crush-a.
Pertsona famaturen baten argazkirik izan al duzu logelako paretan, karpetan ala mugikorreko pantailan jarrita?
Mugikorrean ez dut gogoan, baina karpetan eta gelan bai. Zac Efron, Justin Bieber eta Harry Potterrena. 13 urte inguru
izango nituen.
Joango al zinateke zita batera itsu-itsuan?
Uf, ez. Gizonek beti txarrerako harritzen zaituzte, beraz, nik aukeratutako dezepzioa izan dadila behintzat, ezta? Kar-kar-kar.
Zer da zita batean inoiz esan edo egin behar ez dena?
Lagunekin askotan komentatu izan dugu gizonek ohitura handia dutela gainerako emakumeekin alderatzeko zerbait positiboa
adierazi nahi dutenean, zure izaera edo fisikoa gustatzen zaiela esateko adibidez. Ikaragarrizko “red flag”-a iruditzen zait. Ez dugu
onarpen maskulinoaren beharrik. Zerbait gustatu bazaizu, gainerako emakumeak gutxietsi gabe esan dezakezu.
Zer da lehen begiratuan segituan erakartzen zaituena?
Begirada, irribarrea eta zigarroa erretzeko modua.
Zuk ematen al duzu lehen pausoa ala zain egoten zara?
Batzuetan nik eman izan dut pausoa eta beste batzuetan besteak. Baina egia esan ez zait askorik gustatzen mutil bati interesa adieraztea, ego handia dute eta. Hortaz, pausoa nik emanez gero, bestea manipulatzen dut, hark pentsa dezan bera izan dela
nire atzetik etorri dena. Pantoja jarrera beti, kar-kar-kar.
App-ak edota sare sozialak erabili al dituzu ligatzeko?
Tinder erabili nuen, eta Instagram behin edo beste story-ren bat erantzun izan didatenean. Baina aurrez aurrekoa nahiago izaten dut.
Sare sozialetan DM edo mezu zuzenik bidaltzen al duzu ligatzeko?
Ez, beti diva, kar-kar.
Zein famaturi bidaliko zenioke DM edo mezu zuzena?
Ligatzeko, inori ez. Baina behin nire oso laguna den Pantogay batek eta nik Alba Carrillori mezu bat bidali genion bere horoskopoaz
galdetzeko eta bere karta astrala kalkulatu genion, kar-kar. Ikonikoa da.
Zer da sare edo aplikazio bidez ligatzerakoan gertatu zaizun gauzarik bitxiena?
Ez dakit bitxiena izango den, baina behin mutil batek Instagramen esan zidan igotzen nituen argazkiak (leopardozko eta 2000ko horma-paperak erabiltzen nituen) sorgin zorrotz edo mongi bat hartu duen sentsazioa ematen ziola.
Fikziozko zein pertsonaia iruditzen zaizu sexya?
Charlie Hunnam, Green Street Hooligan-en. Ezin daiteke erantzun heterosexualagoa eman, barkatu, kar-kar-kar.
Zer menu prestatuko zenuke zita baterako?
Gorroto dut kozinatzea eta, horrez gain, ez naiz mutil batengatik hainbeste ahaleginduko, kar-kar. Beraz, ezer ez. Berak presta dezala.
Inoiz eman dizuten gomendiorik onena ligatzeko? Eta txarrena?
Ez dut gogoratzen gomendioren bat eman izan didatenik, baina gogoratzen dut behin neska batek esan zigula mutilekin ligatzeko gutxi hitz egitea (badakizue ni ez naizela isiltzen), beraiek esaten zutenari interesa jartzea eta irribarre egitea komeni dela. Nik beti
kontrakoa egin izan dut: asko hitz egin, interes gutxi erakutsi eta nazka aurpegia jarri gizonei, kar-kar-kar.
Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
Ez, eta eskerrak!
Lehen zita batean, zertaz hitz egitea komeni da?
Gauza askori buruz hitz egin daiteke, baina garrantzitsua iruditzen zait, lehenik eta behin, pertsona horren balioak eta ideologia zein den jakitea.
Zita batera joaterako, asko pentsatzen al duzu zer jantzi edo zer itxurarekin agertu?
Bai, niri moda asko gustatzen zait eta edozein egoeratarako prestatzen dut outfit on bat. Hala ere, gizon heteroek nire outfit-ari buruz
zer pentsatzen duten berdin zait. Nik badakit ona dela kalera ateratzen naizenean eta “señora” batek zur eta lur goitik behera begiratzen didanean, eta PantoGay bati nire look-a gustatzen zaionean.
Sexurako, zer gomendio iruditzen zaizu aproposena?
Nik uste dut garrantzitsuena baliabideak izatea dela. Hau da, momentu batean deseroso sentitzen bazara, hori identifikatu
eta ezetz esateko gai izatea. Bestetik, iruditzen zait, batez ere emakumeok, asko ernegatzen garela gorputz konplexuekin,
besteak izan dezakeen iritziarekin eta abar. Presio sozial handia dago eta, beraz, lanketa handia egin behar dugu sexua modu askean
bizitzeko.
Zein pertsona ezagun iruditzen zaizu Euskal Herriko ‘sex symbol’-a?
Ni neu, kar-kar. Broma da. Euskal Herriko gure Bad Gyal aipatuko dut: Kai Nakai.