Irantzu Yaldebere bilbotar artistaren irudiekin osatutako erakusketa ipini dute Bilbon

Pertsonen eta elementuen argazkiak bildu ditu bertan.

Barriek 2021 erakusketa-zikloaren baitan, Irantzu Yaldeberen margolanak izango dira ikusgai Rekalde Aretoan abuztuaren 28ra bitarte. Yaldeberen erakusketak Violets for your fur. Violetas para tu piel. O, más corto, Violets izenburua du eta egunero hartutako irudiak dira, Yaldeberen arreta piztu duten pertsonen eta elementuen argazkiak. 

Pertsona batzuen oroitzapena da, legenda egina eta editatua, eta baita pertsonen eta gorde nahi dituen gauzen argazkiak ere. Artistak nabarmendu duenez, "egunero egiten dudan zerbaitekin publikoki erantzuteko erabakia hartu dut (argazkiak atera), eta ekitaldiaren edo gertaeraren erdigunean jarri. Askotan pentsatzen dut nola bizi naitekeen hobeto, eta horrek harremanak izatea, ezagutzea eta aldatzea esan nahi du. Polita da pentsatzea jende askok beste bat izango duela lagun, eta aldi berean nire tolesturetako batzuk partekatzen dituztela: Douglas Sirken dramak, Iosuren azken hitzak, Anohni If It Be Your Will abesten, Pierre Bonnarden Nu à contre-jour, Lucreciaren mila bertsioak, Maiakovski-Lilia-Rodchenko, Ponpeiako freskoak, publizitatea, kolore osagarriak, Greer Lanktonen panpinak, Jeanne Moreau eta Brigitte Bardot edo Pj Harvey eta Nick Cave, komunitateko bizitza, nire ahizpa, Ana Laura Alaezen nortasunen bilaketa, Fassbinderren mendekotasunak… Gogoratzen, sentitzen, irakurtzen eta ikusten dudan guztia. Begirada, funtsean, beste distantzia bat da…".

Irantzu Yaldebere (Bilbo, 1994) bilbotarrak Tabakalerako tailerrean parte hartu du, Donostian, Jon Mikel Eubak eta Itziar Okarizek zuzenduta (2018). Horretaz gain, hainbat lekutan erakutsi du bere lana: Okela Sormen Lantegia (2016), Bizkaiko Batzar Nagusiak (2018) eta Galeria Aire (2019). Era berean, Ermuak# 6 aldizkariarekin lankidetzan jardun du eta Feministaldiaren Hiru fragmentu, hiru begirada (2020)  hitzaldian parte hartu du. Bartzelonako Eremuak-Halfhouse egoitzarako hautatua izan da aurten.

Barriek erakusketa-zikloak Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten hainbat artistaren lanak aurkeztu ditu aretoan. Edizio honetan sortzaile hauen lanak erakutsi dira: Jenni Alvarado, Javier R. Perez-Curiel, Urtzi Urkixo, Izaskun Araluzea, Mikel Erkiaga eta Irantzu Yaldebere.