Irantzu Idoatek jantzi du Euskal Herriko Eskolarteko txapela
Maddi Agirrek egin du bigarren. Unai Iturriagaren eskutik jaso du txapela Idoatek.
Euskal Herriko osoko 180 bertsozale bildu ziren Iurretan larunbatean jokatutako 34. Euskal Herriko Eskolartekoan. Beñat Vidalek aurkeztu zuen saioa, eta Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Iparraldeko eskolartekoetan sailkatutako hamabi gazte aritu ziren bertsotan Idoia Anzorandia gai-jartzailearen esanetara: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.
Lehen zatia eginda, epaile lanetan aritutako Ainhoa Arregi, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Lur Renteria eta Maite Sukiak emandako puntuazioaren arabera erabaki ziren bigarrenera igaroko ziren bertsolariak: Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre. Azkenik, Irantzu Idoatek lortu zuen 2022ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela eta Maddi Agirre izan zen txapeldunorde. Unai Iturriaga bertsolari durangarrak jantzi zion garaikurra txapeldunari.
14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketa, esaterako.
