'Irailekoak' poesia egitasmoa egingo dute asteburuan Lekeition

Errezitaldiak, solasaldiak eta musika ere izango da egun eta erdiko iraupena izango duen egitarauan.

Euskaltzaindiak poesiari eskainitako asteburu bat antolatuko du estreinakoz, irailaren 30ean eta urriaren 1ean, Lekeition. Irailekoak izena du egitasmoak eta olerkari, musikari, kazetari eta ikertzaileek parte hartuko dute bertan. Jaialdiaren asmoa poesiari bere toki eta denbora ematea eta Euskal Herrian antolatzen diren literatura jardunaldien egutegia osatzea da.

Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste toki batzuetakoen lanak "hauspotu eta aztertuko" dituzte, belaunaldi helduagoenak zein gazteagoenak. Katalanez idatzitako poesia garaikideko bi ahots esanguratsu izango dira Lekeition: Antònia Vicens (Santanyí, Mallorca, 1941) eta Mireia Calafell (Bartzelona, 1980).

Egitarauari helduta, larunbatean, hilak 30, Iratxe Retolazak Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak izeneko hitzaldia emango du Sociedad Recreativan, 11:00etan. Gero, 13:00etan, San Juan Talakon,  Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien eta Eric Dicharryk errezitaldia egingo dute, Inun musikariak lagunduta. Arratsaldean, 18:00etan, Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaurre poeta gazteek errezitaldia egingo dute herriko bost leku esanguratsutan: Andre Mariaren Jasokundearen elizaren aurrean; Dominiken konbentuaren aurrean; herritarren ortuan; Abaroa lorategian eta Arranegi plazan. Gaueko 22:00etan Maite Larbururen kontzertua izango da Konpainiako elizan. 

Igandean, berriz, Antònia Vicens poetaren eta Iñigo Astiz kazetariaren arteko solasaldia izango da lehenik eta Mireia Calafell poetaren eta Itxaro Borda euskaltzain osoaren artekoa ondoren. Sociedad Recreativan izango da, 11:00etatik aurrera.

Poesia hormetan
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dituzte herriko hormak eta erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en idatziak daude.

Bestetik, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko dute, “oroigarri intelektual-poetiko gisa”. Aldizkaria jaialdian parte-hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatuko da.