Irailaren 7an eta 8an egingo dute 2012 Kutxa Kultur Festibala
The Raveonettes, The Whip, Russian Red, The Horrors eta Love of Lesbian taldeek, besteak beste, kontzertuak eskainiko dituzte irailaren 7an eta 8an Donostian egingo duten 2012 Kutxa Kultur Festibalean. Haiekin batera Gipuzkoako hamar talde ere arituko dira taula gainean. Chil out lunch eremua, jolas parkea, globo aeroestatikoa, terraza tropikala, ... Ezin duzu zitara hutsik egin!
Bi eguneko festibal potoloa antolatu du Kutxak irailaren hasierarako. Donostiako Igeldo mendian, bertako atrakzio parkean, bi eszenatoki eta denetariko eremuak prestatuko dituzte hurbiltzen direnek eguraldi onaz, musikaz eta giro lasaiaz gozatu ahal izan dezaten. Nazioarteko zein bertako talde indartsuenak entzuteko aukera paregabea izango da.
Baina talde esanguratsuen kontzertu zerrenda luzea prestatzeaz gain, bertakoei ere aukera eman nahi izan diete antolatzaileek. Horretarako, 50 talde baino gehiagoren artean aukeraketa bat egin dute, eta festibalean taula gainera igoko direnen izenak Aste Santuaren ostean jakinaraziko dituzte. Hauek, kontzertu nagusien aurretik eta tartean joko dute.
Egitaraua
Irailaren 7a, ostirala
Russian Red eta Belle & Sebastian taldeak 18:00etan
Lourdes Hernandez madrildarrarekin batera arituko dira Belle & Sebastian taldeko kideak, eta eguneko argia aprobetxatuz, soiltasuna oinarri duen kontzertua eskainiko dute.
The Whip 19:40ean
Manchesterreko taldeak erritmo itsaskorrak eta abesti dotoreak eskainiko ditu beren Wired toghtere eta Movenet disko bikaienetatik.
The Raveonettes 21:20ean
Sune Rose Wagner eta Sharin Foo bikoteak osatutako talde danimarkarra da The Raveonettes, eta soinu elektronikoa, 50eko eta 60ko hamarkadetako rock akordeak, eta antzekoak eskainiko ditu zuzeneko indartsuan.
Maxïmo Park 23:10ean
Ingelesek kaleratzear dute beren azken lana, laugarrena. Post punk taldeak erritmo arinak, dantza itsaskorrak eta berehalako melodiak uztartzen dituzte. Zuzenekoen bidez lortu dute arrakasta.
Irailaren 8a, larunbata
Anari 18:00etan
Gipuzkoar abeslari eta gitarra joleak kontzertu indartsua eskainiko du festibaleko taula gainean.
Love of Lesbian 21:20ean
Musika independentearen talde honek entzule guztiak kantuan jarriko ditu beren Jhon Boy, Algunas plantas raras eta beste kantu ezagunekin. Beren burua aurkezteko aukera paregabea izango dute Igeldon.
The Horrors 23:10ean
Jaialdiari amaiera emateko, Erresuma Batuan urteko taldea bilkatu dena igoko da taula gainera. Bosgarrena da herrialdeko salmenten zerrendan, eta hainbat sari jaso dituzte. Bosgarrena albuma kaleratu berri dute, eta haiek entzuteko aukera bakarra izango da Kultur Kutxa Festibalekoa.
Sarrerak
Servikutxa kutxazainetan eskura daitezke sarrerak. Eguneko sarrerak 40 euro balio ditu, eta jaialdi osorako txartelak 74 euro.
Gainera, 25 VIP sarrera ere egongo dira salgai, 600 euroren truke. Bi egunetarako sarrerak, bi gau hoteleko logela bikoitzean, eta igerileku palkorako sarrera barneratzen ditu.
Bestelako eremuak
Jolas parkea
Ikusleentzako zabalik izango da Igeldko Jolas Parkea arratsaldeko 17:00etatik 01:00ak bitarte. Errusiar mendia, kosmikar, ohe puzgarriak, etab. probatu ahal izango dituzte bertaratuek.
Kirol Eremua
Globo aeroestatikoan hegaldi gatibuak egin ahal izango dira arratsalde osoan zehar, Alai jatetxeko aparkalekutik irtenda.
Terraza tropikala
Jolastokiaren gaineko terrazan hamakak, taberna tropikala, mojitoak eta koktelak izango dira, besteak beste; den dena, Donostia hiri zoragarrira begira.
Haurtzaindegia
Arratsaldeko 18:00etatik 23:00etara 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzako haurtzaindegia jarriko dute, begiraleek zainduko dituztelarik.
Reggae Dance Hall Lunch Terraza
Alai Jatetxeko aparkalekuan Revolutionary Brothers taldearen musika entzungai izango da, eta ikusleek jateko geraldia egin ahal izango dute bertan, reggae musika onenaren laguntzaz.