Irailaren 16an hasiko da Hitzetik Hortzera saioaren denboraldi berria, Mirari Martiarenak aurkeztuta

Larunbatetan emango dituzte saioak, 21:00etan.

Hitzetik Hortzeraren 34.denboraldian hogeita sei saio emango dituzte, irailaren 16tik martxoaren 30era bitarte. Horretaz gain, Bizkaiko eta Nafarroako Bertsolari Txapelketen inguruko saio bereziak ere izango dira. 

Denboraldi honetan Mirari Martiarena izango da programaren aurkezlea. Hitzetik Hortzerako gidoilari lanetan aritu izan da iaztik oiartzuarra. Bakarrizketak egiten aritzen da Martiarena, ETB1eko Hitzokei programan kolaboratzaile izan da eta Barre Librea umore saioan ere lan egin du. Etxean jaso du bertsozaletasuna, eta bertsotan aritua da.

Astero bi bertso plazatako saioetako bertsoaldiak emateaz gain, gonbidatu bat elkarrizketatuko du Martiarenak, izan bertsolaria, bertsozalea edo euskal kultur sortzailea. Bertsolaritzaren ekosisteman gertatzen denaren berri emango dute eta bertsoaldi historikoekin gozatzeko aukera ere izango da. 

Gainera, irailetik abendura, programarako propio sortuak izan diren bertso-sorta musikatuak izango dira, zazpi guztira. Honako bertsolariak arituko dira horretan: Jone Uria, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Agin Laburu, Joanes Illarregi, Ainhoa Agirrezaldegi, eta Aitor Etxebarriazarraga. Beñat Antxustegi eta Eneko Sierrak jantziko dituzte musikaz bertsoak.

Bestalde, Hitzetik Hortzeraren irudia ere berritu dute. Unai Gaztelumendik egin du programarako grafismo berria.