Irailaren 14ra bitarte, Flamenko Jaialdia Bilbon
Flamenko kantari, dantzari eta gitarra jole entzutetsuak bilduko ditu Bilbao Flamenko Jaialdiak beste urte batez Bizkaiko hiriburuan. Irailaren 3an hasi ziren ekitaldiak, eta hilaren 14ra bitarte Estrella Morente, Eva Yerbabuena eta Niño Joseleren mailako artisten emankizunez gozatzeko aukera izango da.
Bilbao 700 Fundazioak eta Bilboko Flamenko Elkarteak elkarlanean antolatutako jaialdiak seigarren edizioa izango du aurtengoa. Paris, Londres, Erroma, New York eta Tokion egin ohi diren flamenko jaialdien parean jartzea lortu du ekimenak urtez urte erakartzen dituen goi mailako artista eta ikusle kopuruari esker, eta nazioarteko aintzatespena eskuratu du.
Jaialdia irailaren 3an abiatu zen, eta hilaren 14ra bitarte NH Hotelean eta Campos Eliseos antzokian eskainiko dituzte emanaldiak. Lehenengoan aurkeztutakoak doan izango dira, eta bigarrenera sartzeko sarrera garestienek 15 eta 20 euro artean balio dute. Berauek webgune honetan, 944 310 310 telefonoan edota antzokiko leihatilan bertan eskuratu daitezke.
Artista aipagarrienen artean aurkitzen dira Niño Josele gitarra jole almeriarra, Estrella Morente flamenko abeslari granadarra, eta Alemanian jaiotako baina Granadan hezitako Eva Yerbabuena dantzari handia. Parerik gabeko ikuskizunak izango dira berenak, eta ikusleak flamenkoaz goitik beheraino bustita irtengo dira aretotik.
Egitaraua
Osteguna, irailak 5
Diego Moraok Orate ikuskizuna eskainiko du NH Hotelean 21:00etatik aurrera (doakoa).
Asteartea, irailak 10
Niño Joselek El mar de mi ventana ikuskizuna eskainiko du Campos Eliseos antzokian, 20:00etan (8 euro).
Asteazkena, irailak 11
Luis Zambo eta Fernando Morenoren emankizuna NH Hotelean 21:00etatik aurrera (doakoa).
Osteguna, irailak 12
Estrella Morenteren Autorretrato ikuskizuna Campos Eliseos antzokian 20:00etan (15-20 euro).
Ostirala, irailak 13
Jose Canela eta Manuel Jeroren ikuskizuna, Ginesa Ortega eta Juan Ramon Caroren laguntzarekin, NH Hotelean 22:00etatik aurrera (doakoa).
Larunbata, irailak 14
Eva Yerbabuenaren Yerbabuena emankizuna Campos Eliseos antzokian 20:00etatik aurrera (10-15 euro).
Jesus Menendez eta Manuel Valenciaren emanaldia Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan, 23:00etan (doakoa).