Iraila osoan zehar, Emarock erakusketa Gernikan ikusgai

Euskal musikagintzan eta taula gainean emakumeen presentzia islatzea helburu duen erakusketa osatu zuen Saioa Cabañas 'Gauilunak'-en ekimenez sortutako elkarteak. Iragan maiatzean aurkeztu zuten proiektua, eta iraila osoan zehar Gernikako Elai-Alai aretoan izango da ikusgai erakusketa. Gainera, kamisetak jarriko dituzte salgai 10 euroren truke.


Emarock elkartearen egitasmoa kezka batetik sortu zen: emakume askok ikasten dute musika, edota neurri batean ala bestean musikari loturik bizi dira; aldiz, beren aurpegiak ez dira horren ezagunak gizonekin alderatuta. Zergatik?

Saioa Cabañas 'Gauilunak'-ek kontzertuetan bildutako emakumeen argazki sorta amaigabea biltzeari ekin zion orduan, horiekin erakusketa oso bat sortzeko asmoz, eta emakumezko musikariei aurpegia jartzeko helburuarekin. Baina alderdi fisikotik haratago, baina, ikuspegi birtual eta ikus-entzunezkoa ere eman nahi izan zioten proiektuari, eta horretarako webgune propioa eta dokumentala gauzatu zituzten.

Hemen irakur dezakezu Saioa 'Gauilunak'-ek iragan maiatzean, proiektua Tolosan aurkeztu zutenean, GAZTEZULOri kontatutakoak.

Gernikara
Tolosatik Gernikara eraman dute orain Emarock. Iragana, oraina eta geroa erakusketa. Bertan inaugurazio ekitaldia egingo dute irailaren 14an, arratsaldeko 19:00etan, eta dokumentala proiektatzeaz gain, zuzeneko saioak ere eskainiko dituzte.

Bertan izango dira, hala nola, Zeamays, Seiren taldeko Onintze Garcia eta Kokeineko Zaloa Urain eta Jatsu Argarate.

Eta kamisetak ere salgai jarriko dituzte Gernikan, 10 euroren truke.

Iraileko Gernikako egitaraua


Irailaren 22an, 19:00ean.
Antzerki amateurra, Medea taldearen eskutik; Nube roja ikuskizuna.

Irailaren 23an.
Irrien Lagunak Klubaren eguna.

Irailaren 29an, 20:30ean.
Iker Gomezen konpainiaren eskutik, Apple love dantza ikuskizuna.