Iraila hobeto hasteko hemen telesail estreinaldi interesgarri batzuk

Udako oporrak amaitu dira eta inoiz baino anormalagoa den normaltasunera itzultzea dagokigu. Guztia errazagoa izan dadin streaming plataformek hainbat estreinaldi prest dituzte irailerako. Hementxe gure aukeraketa.

Young Wallander (irailak 3 - Netflix)
Henning Mankell deitutako Kurt Wallander idazlearen liburuetan oinarritutako telesaila da. Oraingo honetan, polizia ezagunak egungo Suediako gizarte inoiz baino biolentoagoan egin beharko du lan. Wallander-ek nerabe bat eraso bortitz batetik salbatzeko ahaleginean huts egiten duenean erruduntasun sentimenduak kudeatzen ikasi beharko du krimena argitu nahiko badu.


The Boys (irailak 4 - Amazon, 2. denboraldia)
Bigarren denboraldi honetan, heroi taldeari jarraitzen dio telesailak euren lasterketan legeengandik ihesi. Aipatu telesailaren lehen hiru atalak irailaren 4ean estreinatuko direla eta ondoren ostiralero atal berriak gehituko direla urriaren 9ra arte. 

Away (irailak 4 - Netflix)
Hilary Swank aktore ezagunak gorpuztuko du Emma Green astronauta estatubatuarra. Green Martera doan lehen nazioarteko misioaren buru da. Hau lortzeko bere senarra atzean utzi beharko du eta baita bere alaba nerabea ere. Bidaia espaziala aurrera doan heinean, astronauten arteko dinamika pertsonalek eta euren senitarteko eta lagunak atzean uzteak guztia konplexuago bilakatuko du.

Raised by Wolves (irailak 10 - TNT)
Ridle Scott zuzendari ezagunak sortu, ekoiztu eta zuzendu ditu zientzia fikziozko telesail honen lehen bi atalak. Travis Fimmel (Vikings) du protagonista. Telesaila inor bizi ez den planeta misteriotsu batean gertatzen da. Helburu batekin daude bertan: haur bat hazi eta babestea. Helburua konplikatu egingo da ordea gizaki kolonia bat iristen denan. Ezberdintasun erlijiosoak hasiko dira eta androideek ikusiko dute gizakien sinesmenak kontrolatzea jardun zail eta arriskutsua dela. 

The Duchess (irailak 11 - Netflix)
The End of the Fucking World telesailaren ekoizleen eskutik dator Katherine Ryan protagonista duen komedia hau. Telesailak garaiko konplikazio nahiko ohikoak erakusten ditu: ezkongabe dagoen ama bat da Londresen bizi dena. Izugarri maite du bere alaba, baina ez daki beste ume bat eduki ala ez bere etsain nagusiarekin; bere alabaren aita. 

The Third Day (irailak 15 - HBO)
Jude Law eta Naomie Harris protagonista ditu sei ataleko proiektu atipiko honek. Istorioa lehen hiru ataletan kontatzen da eta Jude Law da protagonista Sam-en rolean. Sam irla misteriotsu batek erakarria sentitzen da. Bertan talde bat aurkitzen du irlako tradizioak edozein preziotan gordetzera prest daudenak. Bigarren zatian, beste hiru ataletan, Naomie Harris da protagonista Helen bezala, uhartera datorren nortasun handiko atzerritar bat. Erantzunen bila dator baina bera iristeak gatazka bat leherraraziko du. 

We are who we are (irailak 15 - HBO)
Call Me By Your Name pelikula ezaguneko zuzendariaren (Luca Guadagnino) lehen telesaila da. Bertan laguntasuna, lehen maitasuna eta identitatea esploratzen ditu bi nerabeen begietatik. Telesailak nerabe izatearen euforia eta ezinegonean murgiltzen du ikuslea. 


Patria (irailak 27 - HBO)
Izen bereko Fernando Arambururen nobela Aitor Gabilondok egokitu du telebistara. ETAk armak uzten dituela iragartzen duen egunean hasten da telesaila. Albistea jakin ondoren Bittori hilerrira abiatzen da hildako bere senarrari kontatzera gertatu dena. Bere senarra Txato da, ETAkoek eraildakoa. Bittorik bere betiko herria bizitzera itzultzea erabakitzen du. Ezkutuan itzultzen bada ere, Bittoriren presentziak herriko lasaitasun faltsua ezabatzen du, batez ere Mirenena; Bittoriren lagun mina garai batean eta Joxe Mariren ama, kartzelan dagoen ETA kidea. Ziur zer esana emango duen telesaila izango dela.