Ipurdia eta bere zuloa I

Ipurdiaren eta bertako zulotxoaren inguruan jokabide erotiko desberdinak izan dira historian zehar. Egun, bi jarrera nabarmen ageri dira. Alde praktikora pasatu aurretik, komeni da hau guztia ongi testuinguratzea. 


Batetik, morboso, transgresore, degeneratibo eta iraingarritzat jotzen dutenak daude, gizon homosexualen eremura mugatzen dela kontsideratzen dutenak, hain zuzen. Eta, bestetik, euren burua modernotzat jo eta praktikatzen ez dutenak atzerakoitzat ikusten dituztenak daude. Ikuspegi hauek gainditu eta probatu nahi dutenentzat zenbait pista ematen saiatuko gara.

Ugalketa eta sexualitatea nahastearen ondorioak

Aristotelesen garaiaz geroztik, ugalketa sexuaren arrazoi naturalista bilakatu dute eta digute. Gozamena bagina sarketarekin eta ugaltzeko organoekin lotu izan da; baina ugalketa sexualitatearen osagarrietako bat besterik ez da, ez garrantzitsuena ezta hoberena ere, ez derrigorrez. Bagina barruko isurketa da sorkuntza bidera dezakeen maitasun jokaera bakarra, gainontzeko jokaera erotiko guztiak antzuak edo akontzeptiboak baitira. Hortaz, ugaltze jokaera sexu jokaera bakartzat hartzen badugu, nahastuta gabiltza.

Sexualitateak eta ugalkortasunak ez dute  denboran ere bat egiten: sexualitateak jaiotze une berean hasi eta hil bitartean iraun dezake. Ugalketa, aldiz, urte tarte jakin batera mugatzen da soilik.

Gizonezkoen kasua nahasgarria gerta daiteke zentzu horretan. Ugaltze funtzioa (isurketa) eta plazera (orgasmoa) sakonki korapilatuta agertzen dira, nahiz eta jakin badakigun fenomeno bereiztuak direla. Banaketa argiagoa da emakumezkoengan. Hauek ez dute kanpo seinalerik igortzen ugaltzeko gaitasuna duten egunetan eta, gainera, desira femeninoak jatorri neurologikoa dauka (ez hormonala), eta beraz, ugalketa zikloarekiko zeharo independentea da. Bestalde, giza klitoria extrabaginala da (baginatik kanpo dago), anatomikoki eta fisiologikoki ugalketarekiko independentea denaren seinale. Eta, amaitzeko, giza bagina ia zeharo anestesikoa da; hau da, zati handi batek (azken bi herenek zehazki) ez du ez minarekiko ezta plazerarekiko sentsibilitaterik adierazten.

Horrenbestez, laburbilduz, gizakion sexualitatean, plazera eta ugalketa funtzio sexualki ezberdinduak eta autonomoak dira, bai fisiologikoki eta baita esperientzia gisa ere.

Unibertsalak

Ipurdia eta bertako zuloa unibertsalak dira. Gizon eta emakume bakoitzak du bere uzkia eta honekin nahi duena egin dezake: begiratu, apaindu, entzun, laztandu, masajeatu, usaindu, dastatu, fantasiak sortu... Gune erogenoa da eta mutilek nahiz neskek, heterosexualek nahiz homosexualek, denok senti dezakegu plazera potentzialki.

Betebeharrik ez

Gogora dezagun desioa eta betebeharra arerioak eta antagonistak direla. Hortaz, ipurtzuloa esploratu nahi badugu, onena abenturazko jarrera batetik egitea izan daiteke. Ez ahaztu: zenbat eta betebehar gehiago, orduan eta desira gutxiago. Bestalde, debekuek batzuetan erronkak eta tentazioak sorrarazten dituzte eta, irudimenaren bitartez, horrekin ere jolastu dezakegu.

Datorren hilabetean gehiago

Otsaileko zenbakian, uzki sarketa praktikan jarri eta esperientzia positiboak izateko zenbait ideia praktiko proposatuko dizkizuegu. Bien bitartean, interesa baduzue, gaiaren inguruan irakurtzen jarrai dezakezue: Javier Saez eta Sejo Carrascoren Por el culo, politicas anales; Jean Luc Henning-en Le source des femmes (Ipurdiaren historia laburra) eta Charlotte Roche-ren Feuchtgebiete (Gune hezeak) gomendagarriak dira.

Plug anala



Nork bere buruarekin edo sexu kide(ar)ekin erabili daitekeen osagarria da. Oso malgua da eta eroso egokitzen da uzkiaren barrunbera. Nolanahi ere, komenigarria da lubrifikatzailea erabiltzea. Kitzikapen handiarekin, gorputzeko beste atalekin jolastuz, sentsazio gozagarriak eskaini ditzake. 

Proba ezank: