'Ipuinetan ez bezala' abestia osatzeko ekimena jarri dute martxan

Estrofa bat sortu eta sare sozialetan zabaltzeko deia egin dute martxoaren 8ra bitarte.

Naizen elkarteak eta Popatik Bandak #IpuinetanChallenge. Zu ere bazara poeta! erronka jo dute, Naiz irratiko Bigarren kafea saioaren laguntza eta babesarekin. Ipuinetan ez bezala abestia entzun eta gozatu ondoren, kantua osatzeko proposamena egin dute, estrofa berri bat sortuz. 

Erronkan parte hartzeko, sortutako estrofa -idatziz, errezitatuta, kantatuta, musika-tresnaren batez lagunduta...-  sare sozialetara igo beharko da honako traolak ipinita: #ipuinetanchallenge, #naizen, #popatik. Ondoren, estrofa eta sare sozialetara igotako argitalpenaren pantaila-argazkia popatik.band@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu dute. Sare sozialetan konturik ez duenak, egindakoa helbide elektronikora bidali eta eurek igoko dute sarera. Parte hartzeko epea martxoaren 8ra arte izango da zabalik. 

Bidalitako estrofa guztien artean “onena” aukeratuko du Popatik Bandak, eta estrofa sarituarekin osatutako kantaren bertsio berria Naiz irratiko Bigarren kafea saioan bideoan grabatu eta sare sozialetan zabalduko du. Irabazleak eta parte hartzaile guztien artean zozketaz hautatutakoak Naizen elkarteko materialen saski bana jasoko dute. Saskiak honako osagai hauek izango ditu: Naizen elkartearen poltsa, motxila eta hiru kamiseta; Neskak eta mutilak liburua eta txartel-jokoa; eta Tránsitos, Me llamo Yerik, eta Dizdira eta Adarbakar liburuak.

Banako, lagun-talde, familia, irakasle, ikasle eta interesa duen oro animatu dute parte hartzera. Izan ere, hala gogorazi nahi izan dute erronkaren leloarekin: Zu ere bazara poeta!