Iparra galdu gabe
Askotan, gutxi izanagatik, ez dugu adostasunik lortzen. Helburu bera izanagatik, ez gara helburu horretara iristeko bideez ados ematen. Gainera, gutxi izate hori gurekin ados ez diren horiei egozten diegu. Haiengatik gara gutxi. Haiek dute dena izorratu. Hori gertatzen ari zaigu Euskal Herrian, hori gertatzen ari zaigu Iparraldean. Badakigu gutxi garela, badakigu gure kontra ari direnek dutela gehiengoa, baina, hala ere, zatituta eta desadostasunean egoteko modua aurkitzen dugu.
Alta, guztiz aurkakoa egitea erabaki dute gazte batzuek: helburu komun bat harturik, batera aitzinera joatea. Ideia Zabaldu izenarekin iratzarri da dinamika, eta Ipar Euskal Herrian gazteriak ezagutu ditzakeen arazoei erantzuteko, autonomia estatutu baten premia aldarrikatu dute.
Hain zuzen, gaur egun Euskal Herria ekialdeko hiru herrialdeek (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) ez dute ezagupen instituzionalik. Batzuentzat, Euskal Herriaren ezagupena lortzea izango da helburua, eta besteentzat, independentziarako bidean beste pauso bat ematea, baina denek batera lan egiteko konpromisoa hartu dute.
Autonomia estatutu batek erabakitzeko eskubidea emango lioke Ipar Euskal Herriari, eta deliberoak Parisen edo Pauen hartu ordez, lekuan lekuko politika eramatea ahalbidetuko luke.
Hori horrela, gaur egun Ipar Euskal Herriko gazteriaren arazoei konponbidea emateko bide bezala ikusten dute autonomia estatutua. Besteak beste, etxebizitza eskubidea, ikasketak Euskal Herrian eta euskaraz egiteko eskubidea (euskal unibertsitate baten sortzea Ipar Euskal Herrirako), euskararen egoera, eta laborantza iraunkor baten garapena hartu dituzte ardatz. Hala, informazio eta kontzientziazio kanpaina bat eraman nahi dute, Ipar Euskal Herriko jendartea interpelatu gogoz.
Zergatik aipatzen dizuedan mugimendu berri hau? Bazelako garaia gazteok ere batera lanean hasteko. Euskal Herria Bai koalizioarekin eman zen lehen pausoa (Batasuna, AB, EA), eta orain, gazteek hartu dute lekukoa. Emaitzarik lortuko ote den? Ez naiz igarlea. Baina, hala ere, badut esperantza. Ekimena hartu izana bera bada garaipen bat.
Sua piztu da. Orain gazteei dagokie lanean aritu eta egurra emanez, su hori biziaraztea. Ea ez diren erretzen...