Ipar Euskal Herriko sortzaileen kultur ekintzak izango dira martxoan Donostian

Kontzertuak, hitzaldia, film emanaldia eta erakusketa antolatu dituzte martxoaren 1etik 25era Koldo Mitxelena Kulturunean.

Euskal Kultur erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Iparraldea Bertan zikloaren 21. edizioa jarriko du martxan bihartik aurrera, Iparraldeko kultura aberastasuna Hegoaldeko biztanleei ezagutarazteko asmoz. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian arituko dira Iparraldeko artistak, martxoko astearte arratsaldeetan, 19:00etatik aurrera. 

Bihar izango da lehen kultur ekintza. Francoren mende kantatzen genuenean liburuaren aurkezpenaren harira, Colette Larraburuk hitzaldi kantatua eskainiko du Peio eta Pantxoa, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Panpi Lacarrieu, Patxika Erramouspe eta Gexan Alfaro abeslariekin batera. Larraburu idazle eta kazetariak euskal kantagintza garaikidearen historiaren zati bat azaltzen du bere azken liburuan; Francoren diktadura garaian, euskara debekatua zegoela, Ipar Euskal Herriko abeslari batzuk (Peio & Pantxoa, Etxamendi & Larralde, Guk, Manex Pagola, besteak beste) Hego Euskal Herrira kantatzera etortzen zirenekoa.

Martxoaren 8an Lumi bikoteak kontzertua eskainiko du. 2014an sortutako elektro indie taldea da Lumi, Nahia Zubeldia eta Manu Matthys musikariek osatua. Lehen EPa 2014an atera zuten, eta lehen lan luzea, Itzal zikinak, 2019an. Orain, Bezperen Dirdira disko berria prestatzen ari dira, udaberrian argitaratuko dutena, Usopop diskoetxearekin.

Martxoaren 15ean ere musika izango da nagusi, Etxetaburu taldearen eskutik. Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Hirigoyenek osatzen dute taldea. Xirula, flautak, perkusioa, eskusoinua eta ahotsa dituzte kantuetarako tresna, eta bertso zahar eta berriagoak osagai. 

Ahozko euskal ondarearen Eleketa programaren aurkezpena eta Oskar Alegriaren Erleketa filmaren proiekzioa egingo dute martxoaren 22an. Zinegile batzuek ahozko memorioaren gaia esploratzen dute film labur honetan.

Azkenik, erakusketa irekiko dute liburutegiko lehen solairuan martxoaren 1etik 25era bitarte. Colette Larrabururen Francoren mende kantatzen genuenean liburuarekin lotutako erakusketa izango da. 1970eko hamarkadan Ipar Euskal Herriko emakume eta gizon abeslari batzuek "euskal kantua herritartasun eskubiderik gabeko guneetan" sartu zutela eta, franskismoak jotako tokietan bereziki, hainbat argazki, kartel, disko, irudi eta dokumentu bildu dituzte erakusketan, garai hartako giroa ezagutu eta ulertzeko helburuz. 

Euskal Kultur Erakundeak iragarri duenez, antolatutako ekitaldi guztiak zuzenean jarraitu ahalko dira Koldo Mitxelenaren Youtubeko kanalean