Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak lortu dute Groenlandia zeharkatzea

Irla izoztua hegoaldetik iparraldera lerro zuzenean zeharkatu dute 32 egunetan, eski eta kometekin trineoak tiratuz, autonomia osoz. 2.200 kilometro guztira.


Balentria bat gehiago Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak osatutako hirukoarentzat. Naturgas / BBK Trasantartika 2011 espedizioak Groenlandia zeharkatzea zuen helburu, eta lortu dute.

"32 egun gogor izan dira, bidean, izugarrizko hotzez, eta ordu asko kometa gobernatzen. Baina gaur, azkenean, heldu gara", zioen Iñurrategik atzo, nekatuta baina asebeteta. Ez da gutxiagorako. 30 gradu zero azpitiko tenperaturak jasan dituzte, 24 orduz denda barruan eduki dituzten ekaitzak, haizerik gabeko egunak…

Maiatzaren 11n abiatu ziren irla hegoaldeko Narsaq herrixkatik iparraldeko Thule herrirantz. 40 eguneko zeharkaldia zuten aurreikusita, baina azkenean 32 izan dira. Erabateko autonomiaz jardun dira, beharrezko guztia trineotan garraiatuta eta lera hauei eurek beraiek eskiekin edo kometak gobernatuta tiratuz.

Egunean hamar eta hamaika orduz aritu dira gelditu gabe, hirukoari ilusioa eta ausardia dariola frogatuta. Asteazkenean –hilak 15– etxera ekarriko dituen hegaldia hartuko dute Thulen bertan.



Abentura honi ekin baino egun batzuk lehenago bildu zen GAZTEZULO Alberto Iñurrategirekin. Orduko elkarrizketa, hemen irakurgai.