Interviú eta Tiempo aldizkariei agur
Ez dira prentsa idatzirako garai onenak; galera handien ondorioz, bi aldizkariak ixtea erabaki du Zeta komunikazio taldeak.
Urtetan galera garrantzitsuak jasan ondoren, Zeta komunikazio taldeak bere bi aldizkariren ateak ixtea erabaki du; hala, bi aldizkari mitikori agur esateko garaia iritsi da: Interviú eta Tiempo.
Tiempok 15 mila ale inguru kaleratu zituen azken hilabetetan, eta Interviú ez zen 26 mila aleetara iristen. Biluziak eta ikerketa erreportajeak lantzen zituen aldizkariak; 1976. urtean, 16. zenbakia kaleratu zutenean, milioi bat ale saldu zituzten; Marisolen azal mitikoak sekulako arrakasta izan zuen.
Ez dira azkenaldian desagertu diren aldizkari bakarrak; Playboy ere aldizkari izateari utziko dio marka bihurtzeko. Aldaketa hauek argi uzten dute kontsumo ohiturak aldatu direla, eta papera pixkanaka desagertzen doala; eta zuk, zer nahiago, papera ala digitala?