Interneten igotako datu pertsonalak ezabatzeko trukoak

Aztarna digitala apur bat garbitzeko prest?

Urteak dira Interneten nabigatzen hasi ginenetik, eta bidean ehunka aztarna digital utzi ditugu; sekula berriro erabili ez ditugun kontu mamuak, pasahitza ahazturik berriro sartu ezin izan ditugun profilak, eta abar luze bat. Gure aztarna digitala guztiz ezabatzea ia ezinezkoa da, batez ere, Google, Amazon edota Facebook bezalako erraldoiekin, baina garbiketa batzuk egiteko aukera baduzu. 

Etengabe gabiltza Interneten geure informazio pertsonala osatzen; argazki bat igotzen dugun bakoitzean, txio bat botatzean edota soilik bilaketa bat egiterakoan, aztarna digitala elikatzen gaude. Eta nola ezabatu dezakegu dagoneko erabiltzen ez dugun hori?

Tresna erabilgarrienetako bat Deseat.me da. Email kontu batetik abiatuta, tresna honek email horretara erregistratutako kontu guztiak detektatzen ditu, eta bi aukera eskaintzen ditu: Delete (ezabatu) ala Keep (gorde). Delete aukeratzen badugu, Deseat.me plataformak gure datuak ezabatzeko eskaera egingo du. Oraindik ezin da Gmail-ekin erabili, baina bai Outlook-ekin. 

Datuak ezabatzeko beste tresna erabilgarri bat JustDelete.me da. Bertan sartuta, jendeak gehien erabilitako webguneak topatuko ditugu (Adobe, Alibaba, Airbnb, Facebook, Mailchimp, Twitter...) eta nahikoa izango dugu horietako baten gainean klik egitea eta ondoren eman beharreko pausoak jarraitzea gure datuak ezabatzeko. Webguneak koloreekin bereizita daude; berdeetan gure datuak ezabatzea erraza da, horietan apur bat konplexuagoa, gorrietan zaila eta beltzetan ezinezkoa.

Azkenik, Googlen zure aztarnak ezabatu nahi badituzu erabili myactivity.google.com. Egindakoaren inguruko informazioa ezabatzeko aukera topatuko duzu bertan.