Interneteko erabiltzaileen adina egiaztatzeko aplikazioa garatzen ari da Europar Batasuna
Aplikazioaren bitartez baieztatuko da adina, gune bakoitzari bestelako datu pertsonalik eman beharrik izan gabe.
Jakina da sare sozial eta bestelako plataformetan adinari buruzko informazio faltsua eman ohi dela adinez nagusiak direnentzat mugatutako edukia ikusi ahal izateko edo bertan ibili ahal izateko. Hori dela eta, Europar Batasuna Interneteko erabiltzaileen adina egiaztatzeko aplikazio bat garatzen ari da.
Hainbat plataformatan norbere informazio pribatua eta dokumentuak partekatu beharrean, aplikazio honen bitartez egingo litzateke egiaztatzea. Hortaz, asmoa egiaztatzea konfiantzazko aplikazio baten esku uztea da, web bakoitzak herritarren datu pertsonalak eskura ez ditzan.
Ziurtagiri digital moduko bat izango da. Erabiltzaileak web-orri batera jotzen duen bakoitzean, aplikazioak adinaren baldintza betetzen duen ala ez baieztatzeko aukera emango du, 'bai' edo 'ez' erantzunez. Hala, plataformak 18 urtetik gorakoa dela ziurta dezake haren izena, helbidea edo dokumentu zenbakirik jakin gabe. Horrek adin txikikoak babestu eta helduen pribatutasuna errespetatuko luke.
Aplikazioan norbere identitatea egiaztatu beharko da behin, dokumentu ofizial baten bidez. Hortik aurrera, aplikazioak kredentzial digital berrerabilgarriak sortuko ditu. Web orriak erabiltzailearen adina ziurtatu behar duenean, aplikazio bidez egiaztatzea baimendu beharko da. Sistemak baldintza betetzen duen ala ez erantzungo du, bestelako informaziorik eman gabe.
Bada, ordea, sistema honen arrakastarako nahitaezkoa izango den kontu bat: plataformek egiaztatze metodo hau ezartzea. Eta baita erabiltzaileek aplikazio honetan konfiantza izatea ere.
Aplikazioaren garapenean ari dira orain, eta proba teknikoak gainditu eta arautzeko beharrezkoak izango diren baldintzak bete beharko ditu. Hala ere, badirudi etorkizunean erabiltzeko tresna aproposa izan daitekeela.