Instagramek 13 urtetik beherakoei zuzendutako app-a sortuko du
'Instagram kids' app honek adin txikikoei sare sozialak modu seguruan erabiltzeko aukera eskainiko lieke sortzaileen esanetan.
Publiko gaztea konkistatzea da sare sozialen helburu nagusia, eta lehentasun horrek orain arte talka egin du legearekin. Gauzak horrela, teorian 14 urtetik beherakoek ez dute sare sozialak irekitzeko baimenik (praktikan kontu faltsuak erraz sortzen dituzten arren); baina Instagramek 13 urtetik beherakoei zuzendutako sare soziala irekitzeko asmoa du, Vishal Shah Instagrameko presidenteordeak berak adierazi duenez. Sare honek segurtasun handiagoa izango luke, adin txikikoen pribatutasun eskubideak babestuz.
Hala, Instagram Kids izeneko sare honetan helduek ezingo lukete mezurik bidali adin txikikoei (neurri hau dagoeneko martxan dago Instagramen ere). Gaztetxoentzako Instagram honetan gurasoek izango lukete kontrola, eta helduek ezingo lukete konturik ireki.
Oraindik ikusteke dago nola lortuko duten erabiltzaileen adina egiaztatzea eta gaztetxoen pribatutasuna eta intimitatea babestea, baina urtebeteren bueltan ziurrenik martxan izango da app berri hau.