Inoiz erregistratutako tenperatura altuenak aurtengo uztailean

Beroak errekor berria apurtu du; bitartean, egoerari buelta emateko denbora agortuz doa.

Aurtengo udako albiste errepikatuena da, eta zoritxarrez, hala izaten jarraituko du; 2019ak tenperatura beroen errekor markak gainditu ditu bata bestearen atzetik. Azkena, pasa dugun hilekoa; aurtengo uztaila inoiz erregistratutako beroena izan da. Hain zuzen, fidagarriak diren lehen erregistroak 1880. urtekoak dira, eta ordutik errekorra 2016 urtekoa zen. Aurten baina, 0,04 gradu gehiago erregistratu dira uztailean. 

Uztailak errekorra gainditu badu, aurtengo gainontzeko hilabeteak ez dira atzean gelditu; Copernicus agentziaren datuen arabera, 2016ko datuak gainditzetik gertu egon gara hilero (ekainak eta uztailak urte hartako datuak gainditu dituztelarik). Baina, zergatik da 2016 erreferentziazko urtea? Hain zuzen, urte hartan El Niño fenomeno atmosferikoa gertatu zelako, eta beraz, tenperaturak ohi baino beroagoak izan zirelako. Ezberdintasuna da, aurten ez dagoela halako fenomenorik.


Tenperatura igoeraren bilakaera erregistroak daudenetik.

Hala, Copernicus agentziak 16,6 gradutan kokatu du munduko bataz-besteko tenperatura aurtengo uztailean. Zientzialariek gogorarazi dute 2015etik urtero errepikatu direla tenperatura beroak, salbuespenik gabe. Hala, azken lau urteak inoiz erregistratutako beroenak izan dira, eta ez da soilik uztailean gertatutako fenomeno isolatua izan. 

Tenperatura altuen errekorra gainditzearekin batera, planetak beste marka bat hautsi du; CO2 gasen isuriena. Kalkuluen arabera, azken 30 urteetan %15 handitu da isurketa hori. Noski, beroak izan ditu ondorio larriak; besteak beste, 3,3 milioi hektarea baina gehiago sutan daude Siberian (Errusia), eta ke hodeia Mongoliako hiribururaino iritsi da. Instituzioek eta hainbat talde ekologistak “hondamendi ekologikoa” dela esan dute.

Ez da aurtengo ezbehar ekologiko bakarra; uztaileko beroen erruz, Groenlandiak egun bakar batean galdu ditu 2050. urtera arte iraun behar zuen izotza. Zehazki, 12,5 mil milioi tona izotz ur bilakatu dira egun batean; zifrekin galtzen zaretenontzat, ur horrekin 64 milioi igerileku olinpiko bete daitezke. Eta hau, aurten Groenlandian gertatu den bigarren urtzea izan da.