In-komunikazioan bizi gara
Bi urteko isilunearen ondoren, Fermin Muguruza indarrez itzuli da. Urrian "In-komunikazioa" izeneko diskoa plazaratu zuen, eta azaroan bi kontzertu egingo ditu lan berria aurkezteko, hilaren 29an Hazparnen eta 30ean Donostian. "Bizi gara" izango da kontzertuon leloa.
Negu Gorriak taldearen ibilbidea amaitu ondoren, Muguruzaren bakarkako hirugarren lana da "In-komunikazioa". Inoiz baino gehiago, dantza egitera gonbidatzen duen diskoa dugu, zapore jamaikarrez gainezka egiten duena. Koktela ez da hor amaitzen, baina: rap, drum´n´bass, dub, jazz eta bestelako soinuez aberastua dago emaitza.
Arretaz entzun beharreko kantu asko dago diskoan, eta horietako bat da lanari izenburua ematen dion "In-komunikazioa". Tarteka jazzarekin jolasean dabiltzan haize doinuez, Begoña Bang Matu eta Eva Reinaren soul ukituko ahotsez, pieza bikaina da. Ez dira atzean geratzen "Linguae navarrorum museum" eta "Hiri debekatura bidai txartela".
Soul ahotsak
Hain zuzen, soul ahotsak eta jazz-ean egindako sartu-irtenak dira diskoaren berrikuntzetako bat. Soul ahotsei dagokienez, azeri ibili da berriro Muguruza. Izan ere, musikaren ortzadar zabalean -elektronikatik rock korronte anitzetara- berreskuratzen ari da espiritutik irtena dirudien ahots era hori. Henry Rollinsek berak egin zuen "Nice" diskoan.
Oso disko instrumentala da "In-komunikazioa", konponketa politez hornitua. Horretarako, funtsezkoa izan da Muguruzak -beste behin ere- bildutako musikari talde bikaina. Beste askoren artean, hor ditugu Mikel Abrego bateriajolea, Mikel Azpiroz teklatujolea, Joseba Tapia, Selektah kolektiboko DZ Dena den, ez da musikarietan amaitzen diskoan nola edo hala parte hartu dutenen zerrenda: Bernardo Atxagaren eta Xabier Muguruzaren ahotsak eta Jello Biafra bera ageri baitira diskoan. Hainbeste izenekin, zalantza sortzen zaio bati: hau ote in-komunikazioa?