Iñigito Txapelpunk: "Txapela kentzen dut Conquiseko parte hartzaileen aurrean"

EITBko 'El Conquistador del fin del mundo' programarentzat abestia konposatu du Txapelpunk taldeko abeslariak; taldeak Lasarten joko du larunbatean, Esna Hadi Festan. 'Conquistaré… el fin del mundo' abestiaren inguruan hitz egin dugu abeslariarekin.

- Gustatzen al zaizu El Conquistador del fin del mundo?


Lehen urtetik ikusi izan dut programa, eta berehala engantxatu ninduen. Edizio gehienak jarraitu ditut, eta azkenak bereziki, hasieratik harrapatu nau. Oso gogorra iruditu zait aurtengo edizioa; fisikoki baino, mentalki matxakatu egin dituzte.

- Zer da programatik gehien gustatzen zaizuna?

 Probak asko gustatzen zaizkit; ni neu ez nintzateke ausartuko gainditzen dituzten gauzak egitera, esate baterako, instektuak jatearena, gogorra iruditzen zait. Horrez gain, asko disfrutatzen dut partaideen arteko elkarbizitza ikusten. Nahiko kuxkuxeroa naiz ni, eta interesgarria suertatzen zait beraien arteko harremanak azken muturreraino eramaten ikustea, egoera arruntetan egingo ez lituzketen gauzak eginez.

- Programaren zer elementutan oinarritu zara letra sortzeko?


Den-denak inspiratu nau. Lehiakideek aurrera egiteko duten gaitasun harrigarria jaso nahi izan dut abestian; beren helburua aste bat gehiago gelditzea da, eta ikurrina altxatzean aurrera jarraitzeko indarra aurkitzen dute. Une hori islatu nahi izan dut kantan; ikurrina altxatzean jasotako indarrak, burugogortasunak, aurrera egiten tematzeak… oztopo fisiko zein psikologikoak gainditzeko gaitasuna jaso dut. Igor edota Erku gainditzeko gaitasun horren adibide garbiak dira niretzat; biek ondo merezita zuten lehiaketa irabaztea.

- Abestia partaideak animatzeko helburuarekin sortu duzu?

Noski! Haientzako omenaldia da abesti hau. Oso jende gogorra dierla erakutsi dute programa osoan zhear. ni ez nintzake hori guztia jasateko gai izango! Haien aurrean txapela kentzen dut. Gauza onak, txarrak, gorabehera guztiak jasateko duten indarra miresgarria da.

- Loturarik ikusten al duzu punkaren eta lehiaketaren filosofiaren artean?

Bai, azken finean, bi egoeratan gogoko duzuna aurrera ateratzen saiatzen zara, gauzak kontra izan arren. Musika egiterakoan erronka asko jartzen dizkizu bizitzak, eta berdina gertatzen da Conquisen, dena dira gainditu beharreko erronka berriak.