Informazio independentea sarean



Interneten bestelako arloetan bezala gertatzen da. Hau da, komunikabide edo informazio iturri bakoitzaren atzean jabe bat izaten da beti. Denok dakigu jabe horrek, nahita edo nahi gabe, komeni zaion eran erabiltzen duela informazioa. Sail honetan behin baino gehiagotan esan dugun bezala, hasieran internet, negoziobide bihurtu baino lehen, zientzilariek ezagutzak elkarren artean trukatzeko sarea izan zen.

Baina, zorionez, bada oraindik ekimena berriak sortzeko gai den jendea. Jende horrek ez du dirua irabazteko inongo asmorik, ezagutzak trukatzeko gune bihurtu nahi du sarea eta erabiltzaileei parte hartzeko aukera eman nahi die. Horixe da sarearen aurpegirik independenteena, edozein kontroletatik at dagoena.

Sarearen eremu zoragarri honetan ibiltzen hasiz gero, ezin ahaztu dominiorik gabekoak: www.sindominio.net, esaterako. Gune hauek diru irabazi asmorik gabeko elkarteen eta proiektuen web orrialdeak aterpetzen dituzte, hacklab izenekoak, adibidez. Zer ote dira hacklab hauek? Gune independente eta autogestionatuak; bertan, jendeak informatika doan ikasteko aukera du eta horrez gain, banaketa libreko software-en (doakoak, programa garestiak ez erabiltzea ahalbidetzen dutenak) alde egiten irakasten zaio.

Ezin ahaztu, halaber, www.indymedia.org egitasmotik sortutakoak ere. Proiektu hau Seattle-ko matxinadan eratu zen eta bertan, hacker-ak, software librearen sustatzaileak eta komunikabideetako ekintzaileak parte hartzen ari dira. Haietako batzuk aspaldi zebiltzan komunikabide independente baten bila.

Indymedia honek baditu anaia-arrebak mundu osoan. Eta antzeko proiektu gehiago badira sarean: www.climate.indymedia.org gunean, esaterako, beste inoren galbahetik pasatu ez diren klima aldaketa eta Lurraren berotzeari buruzko ikerketa eta informazio egiazkoak ematen dira. Argibide nahikoa eman dugu, ezta? Orain kontua da interneten sartzea eta sarearen alde ezezagun honetara hurbiltzea.