Infernua
Irainak. Jipoiak. Mespretxua. Emakume askoren eguneroko errealitate gordina. Gazteen artean halakorik ez zegoela uste zenuen, ezta?
28 urterekin, bizitza gotik behera berregin beharra. Horretan ari da Rakel. Hemen duzue Gipuzkoako Lezo herriko neska gazte baten istorioa. Beste askoren istorioen oso antzekoa, zoritxarrez. Jokaera berdintsuak izaten baituzte, ia beti, borreroek eta biktimek film beldurgarri hauetan.
Rakel 17 urte zituela hasi zen herriko mutil batekin ateratzen badaezpada ere, ez digu bere izena eman nahi izan. Mutilaren hasierako gozotasunaren tokia zabarkeriak hartu zuen, lehenik. Eta bortizkeriak zabarkeriarena, ondoren. "Lehendabizi, kolgatuta uzten ninduen; hitzordua 16:00etan jarria genuen, adibidez, eta bera 22:00ak aldera agertzen zitzaidan, lagunen batekin, inongo azalpenik eman gabe. Gero, irainak etorri ziren. Puta eta halakoak. Baita bere familiaren aurrean ere; iraindu egiten ninduen, eta haiek ez zuten txintik ere esaten Lagunartean, berdin; Isilik egon hadi!, Ideiarik ez duzu-eta!, Tontoa ematen duzu! ".
Jendearekin ibiltzeari utzi zion Rakelek. Mutilak isolarazi egin baitzuen. "Ez nuen inorekin egoteko gogorik. Oso deseroso egoten nintzen jendearekin; berak sekulako muturra jartzen zidan, isiltzeko esaten zidan Nahiago nuen inorekin ez egon, beraz. Eta nik neure planak egiten banituen, epelak entzun behar izaten nituen ondoren. Lankideekin afaltzera joaten nintzenean, adibidez, haiekin txortan egiten nuela esaten zidan. Oso jeloskorra zen, eta bekaizkeriak jota zegoen. Ez zegoen burutik sano".
Elkarrekin ibiltzen hasi eta handik hiru urtera, lehen zaplastekoa eman zion mutilak: "Haserre ere ez geunden! Autoan ginen, lagun batzuek sartu behar zuten, eta haiei lekua egitearren, zapatila bat atzealdera bota nuen; berak, ezer esan gabe, zaplastekoa eman zidan". Eta ondoren, zaplasteko gehiago, bultzadak, lepotik heldu Dena dela, gogorrena etengabeko eraso psikologikoa zen: mespretxua, irainak, mehatxuak, bikotekidea existituko ez balitz bezala jokatzea
22 urterekin, hala ere, Rakel mutilarekin bizitzera joan zen; etxea erosi zuten bien artean. Eta infernuak Rakelen egun guztiak hartu zituen. "Beste ama bat nahi zuen etxean. Bere arropak beti garbi eta prest egon behar zuen. Egun batean azalorea prestatu nuen bazkaltzeko; ez zitzaiola gustatzen esan zidan berak, eta beste zerbait prestatzeko eskatu zidan oihuka. Bere familian horrelakoak dira. Bera horrela dago ohituta". Nazka izateraino iritsi zen neska lezoarra: "Egun batean, sexua egiten ari ginela, gainetik kendu behar izan nuen, halako nazka nuen! Mutil batekin ia hamar urte pasatu ondoren, nazka sentitzea ere Pentsa nolako harremana genuen!"
Bost urte egin zituzten elkarrekin bizitzen. Iazko irailean, Rakelek etxea utzi zuen arte. Azken asteak ia etxetik atera gabe pasatu zituen; ez zuen mutilarekin gela berean lo egiten, eta lagun bakarra zuen: ordenagailua. "Orduan ere ordenagailu aurrean masturbatzen nintzela entzun behar izaten nuen", azaldu digu Rakelek.
Laguntza gutxi
"Neronek ere ez dakit zergatik eutsi nion horren luze harremanari. Psikologoaren arabera, nik amaren rola onartua nuen. Beharbada bai, baina ez dakit Nik banekien hura ez zela normala. Maiteminduta nengoen, hala ere, eta bere portaera arrazoitzen saiatzen nintzen gainera: nekatuta dago lanarengatik, depresioak jota dago, egun txarra du Horrez gain, berak barkamena eskatzen zuen askotan, ni maite ninduela eta nik bera ez nuela maite pentsarazten zidan; errudun sentiarazten ninduen. Tratu txarren kontzientzia ere ez nuen. Garai hartan tratu txarrak bortizkeria fisiko gogorra zirela uste nuen eta".
Sufrikarioa ez zen bukatu, ordea. Etxea bien artean erosi zuten. Beraz, harekin zer egin erabaki behar zuten. Eta Rakelek bere gauzak jaso behar zituen. "Nire gauza gehienak han geratu dira, izugarriak esan dizkidalako bila joan izan naizenean. Istorio hark lehenbailehen bukatzea nahi nuen, eta horregatik, ez diet kontu horiei inongo garrantzirik eman. Etxearekin, berriz, gorabehera handiagoak izan ditugu. Berak zerraila aldatu zuen, eta etxea nirea ere bazela esatera joan nintzenean, liskar handia izan genuen, eta irainka, mehatxuka eta bultzaka ibili zen nirekin. Ertzainei etortzeko esan nien, eta heriotza mehatxuak egin zizkidan haien aurrean. Mehatxu haiek errepikatu egin zituen gero, epailearen aurrean".
Hain zuzen ere, horregatik zigortu zuten Rakelen mutil ohia urte hasieran urruntze agindua du urte eta erdirako; ezin du Rakelengandik 300 metro baino gertuago egon. Heriotza mehatxua egin diolako. Baina, ez hamar urtean egindakoarengatik. Etxebizitzaren auzian ere kalteturik atera dela uste du Rakelek: "Azkenean, bera geratu da etxearekin, niri 43.000 euro inguru emanda. Hala ere, etxe horrek, merkatuan, 240.000 balio dezake".
Oro har, Rakel oso kritikoa da tratu txarrak jasandako emakumeei erakundeetan ematen dieten tratuarekin. Epaitegian lotsagarri jokatu zutela esan digu: "Salaketa aurkeztu nuenean, lan gehiago eginarazi behar ote nion galdetu zidan hango idazkariak!". Zigorra ere huskeria iruditzen zaio; mutil ohiari tratamendu psikiatrikoa jaso beharra ez ziotelako ezarri, besteak beste. Eta zerbitzu sozialek emandako laguntza eskasa dela eta zenbait irizpide zentzugabeak direla dio: "Beste etxebizitza batera joateko diru laguntza jasotzeko eskubidea dut, baina horretarako, nire familiaren diru sarreren berri eman dezadan nahi dute senitarteko batzuekin bizi da, gaur egun, Rakel, Pasai Donibanen. Zergatik hartu behar dituzte kontuan nire senideen diru sarrerak? Mantendu egin behar al naute? Ez du ez hankarik, ez bururik".
Neska gazteen kontrako tratu txarrak ezkutuko errealitatea dira, Rakelen ustez. "Halakoetan, jende heldua edo zaharra izaten dugu buruan. Erasotzaileak gero eta gazteagoak dira, ordea. Ez dakit zergatik, nik ez dut hori oso ondo ulertzen, gazteok beste kontzientzia bat izan beharko genukeelako, baina hori da errealitatea". Rakelek tratu txarren beste kasu bat ezagutzen du oso-oso gertu: "Neska ez da mutil laguna uzteko gai; maite duela dio".
Gaur egun, Lezoko 28 urteko neska hau bizitza berregiten saiatzen ari da. Senitartekoekin bizi da, baina ez du luzaroan han jarraitu nahi. Enpresa batean lan egiten du, astean 20 ordutan, eta bizimodua aurrera atera ahal izateko, etxeak eta bulegoak garbitzen ditu. Lagun berriak ere egin ditu. Eta duela hiru hilabetetik, beste mutil batekin dabil. Ondo daudela dio. "Dena dela, ez nago ohituta besarkadekin, musuekin Arraroa da hori dena niretzat".
Datu argiegiak
EAEn, 2006an, 32 urtetik beherako 1.569 neskek aurkeztu zuten salaketa tratu txarrengatik; 1.149 neskek 2004an, eta 991k, 2003an.
Aurreko hiru urte horietan, EAEn aurkeztutako salaketa guztien %42, gutxi gorabehera, 32 urtetik beherako neskek aurkeztu zituzten.
Nafarroan ere antzeko datua dago: 2006an, Delituaren Biktimen Bulegoaren laguntza jasotako emakumeen %42 30 urte azpikoak ziren.
2007ko lehen erdian, ehundik gora gizon atxilotu zituzten Euskal Herrian, emakumeei tratu txarrak eragiteagatik. Haietatik, %57k 30 urte baino gutxiago zituen.
Egunean, atxilotu bat
Hona hemen, Gaztezulok egindako bilketaren arabera, Euskal Herrian 2007ko ekaineko lehen hamabostaldian tratu txarrengatik egindako atxiloketak (tokia eta gizonaren adina). Atxilotuen %47 30 urtetik beherakoak izan dira.
Ekainak 1. Bilbo, 31 urte.
Ekainak 3. Gasteiz, 30 urte.
Ekainak 5. Bilbo, 24 urte.
Ekainak 8. Lizarra, 23 urte.
Ekainak 9. Castejon, 36 urte.
Ekainak 10. Beasain, 30 urte. Barañain, 38 urte. Getxo, 35 urte. Erandio, 42 urte. Ekainak 11. Bilbo, 46 urte. Burlata, 32 urte.
Ekainak 12. Bilbo, 47 urte. Bilbo, 39 urte.
Ekainak 13. Donostia, 28 urte. Bilbo, 29 urte.
Ekainak 14. Bilbo, 26 urte.
Ekainak 15. Bilbo, 43 urte.
gazteen artean ere eraso ugari
Gazteen artean ez dago tratu txar gutxiago. Hala adierazi diote Gaztezulori hiru elkarteetako kideek: Edurne Epelde Bilgune Feministako kideak, Marijose Rodriguez de Armenta Delituaren Biktimen Nafarroako Bulegoko arduradunak eta Sagrario Mateo Aprodemeko buruak tratu txarrak jasandako emakumeen Nafarroako elkartea da Aprodem.
Oraingo gazteek errazago identifikatzen dituzte erasoak, salatzeko bitarteko gehiago dituzte, erakundeek ere haiekin lan egin dute Aurrerapausoak daude, baina era berean, gaindimentsionatu egin dira aurrerapauso horiek, eta jendeak uste du gazteen artean ez dagoela tratu txarrik. Ez da egia, ordea: gazteen artean ez dago tratu txar gutxiago, dio Edurnek. Iritzi bera du Marijosek: Sentsibilizazio handiagoa dago, salaketa gehiago ere bai, salaketak lehenago aurkezten dira Baina eraso gutxiago ez dago.
Sagrariok gazte-gaztetatik jaso zituen tratu txarrak, 24 urtez, eta Aprodem elkartearen sortzaileetako bat da. Ondo ezagutzen du, beraz, arazoa. Aurreko bi iritziekin bat dator erabat. Eta neska gazteei begira, aholku bat eman nahi izan digu: Mutil lagunak zure lagunez, familiaz eta inguruko guztiaz gaizki hitz egiten badizu; bera gabe ezertxo ere ez zarela esaten badizu; emakumeez gaizki esaka badabil argi ibili.