Ines Osinaga, Mikel Urdangarin, Joseba Sarrionaindia, Olatz Salvador eta Alaia Martin izango dira Arrigorriaga eta Zaratamoko Loraldia Plazan
'Zure gailurretik gora” lelopean, gaurtik abenduaren 13ra egingo dute jaialdia, musika, literatura, dantza, bertsolaritza, performancea eta gastronomia uztartuz.
Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriagan izango da gaurtik abenduaren 13ra, eta sei kultur hitzordu antolatuko dituzte, euskal sormen garaikidea erakusteko. Orotariko ekitaldiak izango dira: Kubako eta Euskal Herriko doinuen arteko elkarrizketak, hitzen jolasak, emakumeen bizipenak, dantzaren bidezko memoria, euskal kantagintza eta gazta eta txakolin dastaketa
Mikel Urdangarinen kantatutako Kirmen Uriberen hitzetatik ateratako “Zure gailurretik gora” leloa erabiliz, "kulturak bizipoza pizteko, irudimena zabaltzeko eta munduari beste begirada batetik heltzeko duen gaitasuna" aldarrikatuko du jaialdiak.
Hainbat arte diziplina izango dira egitarauan eta transmisioa sorkuntzaren bidez lantzeko hainbat bide erakutsiko dituzte: Markos Gimenoren hitz-jolasak berrirakurriko dira; emakume langileen memoria gorputzera eta mugimendura ekarriko da; eta euskal musika zein dantza beste erritmo eta adierazpide batzuekin elkartuko dira.
Ines Osinagak Euskal Herriaren eta Kubaren arteko musika bidaia egingo du gaur, 19:30ean, Zaratamoko Kultur Aretoan. Yaima Orozco, Irina Gonzalez eta Garazi Egiguren arituko dira Osinagarekin.
Bihar, Arkotxako elizan, Mursego eta Joseba Sarrionandia elkartuko dira Sukramarkus izeneko emanaldian. Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 letrakartel lanean bildutako materiala abiapuntu hartuko du, eta Maite Arroitajauregik, Mursegok, hitzak soinu eta eszena bihurtuko ditu.
Abenduaren 10ean, DAB Dantza Konpainiak bi koreografia aurkeztuko ditu Abusun. Kea lanak Donostiako Tabakalerako emakume langileak eta industriaren itzalean aritutako emakumeak omenduko ditu hiru emakumeren gorputzen bidez. Tinieblak piezak, berriz, euskal dantzetako erreferentziak hartuko ditu oinarri erritualaren eta herri kulturaren arteko harremana lantzeko.
Hurrengo egunean, abenduaren 11n, Olatz Salvador eta Alaia Martin igoko dira oholtzara. Musika eta bertsolaritzaren bidez, emakumeen bizitzetan behin eta berriz agertzen den erruduntasuna izango dute abiapuntu: iritsi ezina, amatasuna, gorputzaren gaineko presioa, familia-aginduak, lotsa eta kulpa.
Abenduaren 12an, berriz, Mikel Urdangarin laukote formatuan izango da Arrigorriagan. Bere errepertorioan barrena murgilduko da kontzertuan eta azken urteetako sorkuntzak ere izango du lekua. Biharamunean, Ulibarri Artzainak proiektuaren gazta eta txakolin dastaketa egingo du. Ardi latxa mutur beltzen esnez egindako gazta ekologikoa eta hiru txakolin ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Egitauaren inguruko xehetasunal hemen kontsulta daitezke.