"Inception": gogoratzen zara, gogoratuko duzu
Leonardo DiCaprio amets lapur baten azalean protagonista duen filmak ikusmina eta zalaparta sortu du, Christopher Nolanen lanek azken boladan egin ohi duten gisara. Sarrera erosteko asmoa baduzu edo ikusitakoaren inguruan hausnartu nahi baduzu, agian interesatuko zaizu gure zinema adituak idatzirikoa.
Christopher Nolanen azken filmak Memento (2000) dakarkit gogora, zuzendaria ezagutzera eman zuen filma. Mementok ikuslea adi egotera behartzen zuen, pentsatzera, horretarako alderantzizko egitura kronologikoa baliatuz. Inceptionen, aldiz, ametsak Matrioska eurrusiarrak bailiran sortzen dira bata bestearen barnean, hainbat geruza paralelo dituen mihise argumentala albainduz. Hala, hasieran guztiz galduta sentituko du bere burua ikusleak, ez baita ametsak eta errealitatea bereizteko gai izango. Baina minutuak aurrera joan ahala, puzzlea osatzeko lana hartzen duenari hasierako zorabioak halako hozkirri atsegin bat ekarriko dio. The Wire telesailaren sortzaile David Simonek esan legez, "portzulo erdi-mailako irakurleak".
Nahi ala ez, The Matrix (1999) zientzia fikzioaren film mugarriarekin konparatu dute Inception, bi filmetan galdera bera aurkezten baitzaio ikusleari: zer egin mundu birtualak/ametsek benetako bizitza ordezkatzen dutenean? Ezberdintasunak nabarmenak dira, ordea. Hasteko, Dom Cobbek (Leonardo DiCapriok) ez du pilula gorririk aukeratu beharrik izan, ametsetatik aldendu ezin duen iragana baitu leivmotiv. Erru sentipenak mugitzen du protagonista. Bestetik, beharrezkora baino ez ditu mugatu Nolanek ordenagailuz sortutako irudiak, eta zinez, efektu bereziak hain dira sotilak, naturalak, Neoren bala-saihesteak telebista zuri-beltzeko kontua baitirudite. Eta ezin aipatu gabe utzi Marion Cotillard frantziarraren lana. Smith agenteak hartzatxoak dira memoriaren kutxan giltzapetuta dagoen emazte Malen ondoan.
Ellen Page eta Joseph Gordon-Levitt ere zoragarri daude. Eta DiCapriori buruz zer esango dugu; beste behin erakutsi du Robert DeNirok baduela oinordekorik. Filmaren lorpenik handiena, baina, Nolanek tentsioa mantentzeko duen maisutasuna da, filma ez baita momentu bakar batean ere erortzen. Horren adibide da furgoneta zubitik behera jausten den momentua; beste era batera esanda: amets paralelotan zehar ia ordubetez luzatzen den klimaxa. The Dark Knight (2008) zirraragarrian egin legez, Hans Zimmerren partiturak badu horretan ardurarik.
Horri guztiari gehitu zientzia fikziozko zein akziozko filmik esanguratsuenen zipriztinak: Stanley Kubricken 2001: A Space Odyssey (1968), Andrei Tarkovskyren Solaris (1972), James Bond protagonista duen On Her Majesty's Secret Service (1969) edota Michael Mannen Heat (1995). Guztia nahastu eta urteko filmik onena izango duzu begi aurrean.