Iñaki Muruak jantziko dio txapela aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari

Bertso munduan egindako "ageriko zein isilpeko lan handia" eskertu nahi dizkio Bertsozale Elkarteak

Iñaki Murua Jauregik (Gabiria, 1956) izango du abenduaren 18an Nafarroa Arenako oholtzara igo eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari txapela janzteko ardura eta ohorea. Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, "egindako lana itzulezina bada ere, ikusgarri egin eta merezimenduaren aitortza moduan".

Murua bertsolaria eta bertsolaritza mugimenduko eragilea ere izan da. 1982an egin zuen bertsotan lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta 1986koan eta 1989koan finalera iritsi zen. Finalista izan zen Gipuzkoako 1991ko eta 1995ko txapelketetan ere. Eragiletzan, berriz, etengabekoa izan da bere lana, bai bere sorterrian eta baita Euskal Herri osoan ere. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen 2005etik 2018ra.

Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, "bertso munduan oso presente egon da Iñaki beti. Gaur egun ere, figura oso garrantzitsua izaten jarraitzen du Bertsozale Elkartean. Maitasunetik eta zaintzatik aritzen da beti, eta bertso munduko gazte, heldu, boluntario, langile, zein gertuko guztiek estimu handian daukagu".