Imanol Gurrutxaga da VI. Benito Ansola sariaren irabazle berria
Gurrutxagaren 'Deserri' lana izendatu dute garaile, iazko irabazleek epe kontuengatik uko egin ostean.
Imanol Gurrutxagaren Deserri film proiektua da Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten Benito Ansola Sariaren seigarren edizioaren irabazle berria. Iazko azaroan banatutako saria Jone Arriola, Ana Angulo eta Itxaso Frauren Dena asmatuta dago proiektuak irabazi bazuen ere, oinarrietan ezarritako epe-muga ezingo dutela bete adierazi ondoren, iazko irabazleek uko egin diote sariari. Ondorioz, 3.000 euroko saria bigarren postuan sailkatutako Gurrutxagaren lanari ematea erabaki du epaimahaiak.
16 urte zituenetik zinemagintzan ari da Imanol Gurrutxaga. 2017az geroztik hainbat lan profesional burutu ditu: Iker Lauroba musikariaren Berriro kantuaren bideoklipa edo Ezusteko talka eta Nigandik film laburrak, esaterako. Besteak beste, Lekeitioko Zine Bileran gidoi onenaren saria eta EITBko publikoaren saria ere jaso ditu Gurrutxagak.
Bi urtez behin antolatzen den lehiaketa da Benito Ansola Saria, 18 eta 36 urte bitarteko gazteen film proiektuak sustatzeko helburuz. Irabazleak 3.000 euro jasotzen ditu bere proiektua hamar hilabetean gauzatu eta Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdiaren barruan aurkezteko.
