Ilargir@

1969an, lehen mezu elektronikoa bidaltzea lortu zuten urte berean, iparamerikarrak ilargira heldu (omen) ziren


Gaur egun, etxeko helbidea bezain garrantzitsua da e-posta, baina 1969an, zaila zen halakorik imaginatzea ere. Leonard Kleinrock, Kaliforniako Unibertsitateko (UCLA) ingeniari bat, sistema bat asmatu nahian zebilen ordenagailu batetik bestera informazioa bidaltzeko, eta 1969ko urriaren 29an lortu zuen helburua. UCLAkoek "LOGIN" hitza bidali zuten ("sisteman sartu", ingelesez) e-postaz Kaliforniako Stanford Unibertsitatera. Hitza Kaliforniara iritsita, komunikazioaren iraultza hasi zen.

Hondarribitik ilargira
Dena den, hura ez zen 1969an gertatutako gauza harrigarri bakarra izan. Izan ere, jendea zur eta lur geratu zen AEBetako Apolo 11ko astronautak ilargian lurreratu zirenean. Jende guztia irratiei eta zuri-beltzezko telebistei adi-adi egon zen. Euskal herrian, askok taberna eta etxetan pilaturik ikusi zuten astronauten paseoa. Gizakia ilargira iritsi zen.

Urteak joan eta etorri, batek baino gehiagok zalantzan jarri du telebistako irudi haiek benetakoak ote ziren. Eta zalantza horien lekuko dira, aferari buruz zabaldu diren zurrumurru ugariak: ilargiko irudi haiek Nevadako Mercury herriko estudio batean egin zituztela; 1969an, ez zegoela ilargira joan ahal izateko moduko teknologiarik… NASAk gezurra esan zuela, alegia.

Dena den, garai hartan aldeko ahotsak izan ziren nagusi, eta tartean, baita izugarri hunkitu ziren batzuenak ere. Joxe Ormazabal 'Jose Ttikiya'k, boligrafoa hartu eta gutun bat idazteari ekin zion Apolo 11k ilargian lur hartu orduko. Hondarribin abade izandakoari hiru astronautak zoriontzea bururatu zitzaion; eta gutun hau bidali zien, euskaraz.

Woodstock nazioa



Armstrong ilargian, eta hippyak Woodstocken;
horra hor 1969ko beste irudi ospetsua


Ilargian bezala ibili ziren Woodstock herrian, New Yorketik gertu, 1969ko abuztuaren 15etik 17ra bertan elkartutako milioi erdi inguru lagunak. Hiru astronauten paseotxotik hilabetera, musikak, amodioak eta inkonformismoak bat egin zuten. Hippy mugimendua bere gorenean zegoen: “Woodstock nazioa” jaio zen. Euria ez zen traba izan puntako hainbat talde eta kantari entzuteko: Janis Joplin, Jimi Hendrix, Santana, The Who… Joan Baez ere han izan zen; urte hartan, Baezek “Gernika” kantua ezagutzera eman zuen, gainera. Ekaitz batek ia hankaz gora bota zuen eskenatokia, eta jaialdiaren kokalekua, Max Yasgur abeltzainaren zelaia, “Woodstockeko lokaztia” bihurtu zen.

Eta zer diren gauzak: zurrunbilo hartan bi haur jaio ziren, eta 4.000 pertsona erietxeetara eraman zituzten drogen ondorioz. Guztira, 1,3 milioi dolar galdu zituzten antolatzaileek. Warner konpainia izan zen dirua irabazi zuen bakarra: diskoen eta film eskubideen jabetza eskuratu zuelako. Baina Woodstock-eko errebeldiak ez zuen asko iraun: handik zortzi hilabetera, AEBtako Guardia Nazionalak tiro egin zion Vietnamgo gerraren aurkako manifestazio bati Ohion. Lau lagun hil ziren. Vietnamgo gerrak 1975era arte iraun zuen, hango oihanean ez zen melodia gozorik izan.