Ikuskizun eta ekitaldietako langileek grebak deitu dituzte EAE-ko hiriburuetako jaietan

Gasteizko, Donostiako eta Bilboko festen garaian izango dira grebak, sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela eta

Ikuskizun eta ekitaldietako langileek sektoreko lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortu nahi dute, eta negoziazioak ez atzera eta ez aurrera egiten ez duenez, abuztuan greba egunak egingo dituzte EAEko hiriburuetako jaietan. Abuztuaren 5ean Araban izango da greba, abuztuaren 14an Gipuzkoan, eta abuztuaren 26an Bizkaian.

Teknikariek eta sindikatuek zabaldutako oharrean adierazi dutenez, "EUKI patronalaren aldetik utzikeria berbera sentitzen jarraitzen dugu: erabateko isiltasunaren oihartzuna".

Herri-eragileen aldetik babesa jaso dutela nabarmendu nahi izan dute ordea: "Erabat kontrajarria da patronalaren aldetik sumatzen dugun utzikeria eta herri eragileen aldetik sentitzen dugun indarra eta batasuna. Alde batetik, lan-ikuskaritzan salaketak aurkeztu ondoren, iritsi dira arrazoia ematen diguten, eta hainbat enpresa zigortzen dituzten lehen txostenak. Eta, bestetik, elkarteetatik, sindikatuetatik, eta gizarte-kolektiboetatik babesa lortzen jarraitzen dugu. Batasuna adierazten azkenak Bilboko Konpartsetako, Donostiako Piratetako, eta Gasteizko txosna batzordeko herri-mugimenduetako kideak izan dira".

"Jai duinak defendatzeko langileen eskubideak defendatu behar direla" azpimarratu dute, "kultura ezin baita esplotazioaren sinonimo izan". 

"Langileen baldintza duinak bermatzeko elkarrizketei berriro heltzea erabaki artean", borrokan jarraituko dutela jakinarazi dute.