Ikusi duzue Irutxuloko Hitzaren itxura aldaketa?
Adi! Ostiral honetan, hilak 5, astekariak tamaina txikiago bat aurkeztuko du, orrialde gehiagorekin, eta atal berri zein interesgarri sortarekin!
Eraberritze prozesuan murgilduta dago Irutxuloko Hitza, eta ostiral honetatik aurrera, hilak 5, argitaratuko du astekari berrituaren lehen zenbakia. Neurrira egindako aldaketa izango du. Tamainaz txikiagoa izango da, bai, baina eduki aldetik mamitsuagoa. Astekaria 16 orrialde izatetik 32 izatera pasako da.
Diseinua ere arinagoa izango da, irudiari garrantzia handia emango dioena, argazki handi askorekin. Hemendik aurrera, gainera, Joseba Parron argazkilari donostiarrak egingo du astekariaren azaleko argazki nagusia.
Hainbat kolaborazio berri ere izango dira aurrerantzean, herritar eta eragileek Irutxuloko Hitzan duten garrantzia nabarmentzeko asmoz, eta hauek hedabidearen parte aktibo izateko helburuarekin. Besteak beste, euren tartea izango dute Klitto! atari digitaleko lagunek, Haritzalde naturzaleen elkarteak, Zinea.eus atariko kideek, eta Bagera Donostiako Euskalzaleen Elkarteko kideek. Ama begira zazu argazkilaritza atalak izena aldatuko du, eta orain arteko Batix Ezeiza argazkilariari, kolaboratzaile berri bat batuko zaio: Laida Zabala. Azken batean, produktu erakargarriagoa sortu eta irakurle berriak erakartzea izango da helburua.
Ostiralera arte itxaron beharko dugu Irutxuloko lagunen eraldaketa osorik ezagutzeko!