Ikusgarri bihurtu nahi?

Ikusgarri bihurtu nahi? Nola iritsi zure publikora sarera edukia igotzeko orduan? TaPuntuk hilaren 24an antolatutako hitzaldiak pista batzuk emango dizkizu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikusgarri-bihurtu-nahi/@@download/image/nortasunasarean2018-760x500.jpg
2018/01/22
berria
Nola iritsi zure publikora sarera edukia igotzeko orduan? TaPuntuk hilaren 24an antolatutako hitzaldiak pista batzuk emango dizkizu!
Ikusgarri bihurtu nahi?

Sarean ikusgarritasuna lortzea ez da erraza, eta dena norberaren esku ez dagoen arren, beti dago zer hobetu irisgarritasunean aurrera egiteko. TaPuntuk jardunaldi interesgarria antolatu du, ondorengo galderari erantzuna emateko: sarera edukia igotzeko orduan nola iritsi zure publikora?

 

Gai hori jorratzea erabaki dute, sarean edukia partekatzeko garaian, ondorengo baieztapena askotan entzuten delako: “arrakastaren gakoa ordaintzean datza!” TaPuntuk, ordea, galdera honi erantzun nahi dio: “ordaindu gabe posible al da ikusgarria izatea?”.

 

Irisgarritasuna lortzeko saiakeran, hauek dira entzuten diren bestelako kexuak: “ez dut denborarik”, “baliabide murritzak ditut”, “ez dakit egiten”…  eta garrantzitsuena, “zer da garrantzitsuagoa egiten dudana edo nola egiten dudan?

 

Galdera guzti hauei eta bestelako batzuei erantzuteko asmoz, antolatu du TaPuntuk aurtengo jardunaldia “Izan ikusgarria!” lelopean.

 

Hizlariak

Lehen zati honetan, bi adituren eskutik sarean ikusgarriak izateko gakoak landuko dituzte:

  • Xabier Iglesias Juarez
    • Nork esango zuen hamar urtez matematika eta beste irakasten aritutako biologoak web-orriak posizionatzen amaituko zuela? Deuston egindako ikasketek ibilbide profesionalean bira bat emateko balio izan zioten eta egun AuditorSEO proiektuan lanean dihardu. Bere eskutik SEO, SEM eta sare sozialetan ibiltzeko aholkuak ikasiko dituzte.
  • Nagore Cia Eizmendi
    • Berak ondo daki komunikazioaren arloa nola aldatu den azken urteotan. Bi master egin eta gero Social Media estrategietan eta Community Manager lanetan dabil Weaddit-en, hainbat enpresa eta instituzioren edukiak zabaltzen. Sarean ikusgarriak izateko gakoak azalduko ditu.

Mahai-ingurua

Bigarren zati honetan, benetako enpresa edo proiektu arduradunen esperientziaz ikasi ahal izango dugu:

  • Xabier Agirre Iturrioz
    • Ikasketekin burua jantzi ondoren familiako enpresan zuen esperientziak eman dio egungo ogibidea. Hamaika ogitarteko zerbitzatu ondoren, Juantxo Tabernaren gidari lanak ere hartu ditu berriki eta baita sarean honen nortasuna astindu ere. Baina, zertarako ote dago horrelako taberna famatu bat sarean?
  • Gloria Urkola Etxetxipia
    • Euskal trenen kalitatea zaintzen ari zela, Peruren jaiotzarekin norabide berria hartu zuen. Zarauzko MeitaiMaitie dendan eta sarean etxeko txikien eta familien beharrak asetzeko aisialdirako gunea sortzea erabaki zuen, bere bikotearekin batera. Bidean ikasten joan da sarean bizitzen, bere esperientzia ezagutuko duzu!
  • David Agirrezabalaga García
    • Familiako enpresan eta arkitektura estudioan lan egitearekin ez zuen nahikoa antza! Afizioz egiten zituen marrazkiak ofizio bihurtu ostean, Mr. Wonderful-en euskal parodia sortzea erabaki zuen. Mr. Euskaldun-ek badu jada ikusgarritasuna sarean, nola lortu du ordea?
  • Zuriñe Maguregi Sanchez
    • Ez pentsa betidanik dagoenik sarean murgilduta! Izan ere, Gaztezuloko zuzendari izan aurretik hainbat euskal hedabidetan kazetari gisa ibilia da, besteak beste. Baita komunikazioaren arloan ere. Gaztezulo aldizkari bat baino askoz gehiago da, eta sarean gazteak erakartzeko erronka du. Zer egiten dute ikusgarriak izateko?

Izen ematea

Bertaratzeko interesa duenak, www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez izen ematea burutu dezake. Era berean, egunean bertan bertaratzeko arazorik ez dago. Parte hartzea doakoa da. Animatu!