Ikertzaile australiarrek uretatik mikroplastikoa ezabatzeko hauts magnetikoa sortu dute

Melbourneko RMIT unibertsitateko ikertzaileek ordubetean uretatik mikroplastikoak ezabatzen dituen hauts magnetikoa sortu dute. Asmakuntza berri honek ozeano eta ibaiek, plastikoagatik, jasaten duten egoera kritikoa arindu lezake.

Greenpeace-k argitaratu dituen datuak beldurgarriak dira: urtero zortzi milioi tona zabor iristen dira ozeanoetara. Itsasoko bizitza arriskuan jartzeaz gain, gure osasuna ere arriskuan jartzen du honek, mikroplastikoak jaten baititugu. Arazo honen aurrean, ikertzaile australiar batzuk egoera kritiko hau arintzeko material bat garatu dute. 

Hauts magnetikoa burdinazko nanomaterialekin osatu dute. Modu honetara, plastikoa erakartzen du hondakin kutsakorrik jaurti gabe. Harrigarriki, ordubete eskasean inguruko plastiko guztia ezabatzeko gai da. Hauta urarekin nahastean imanak erabiliz mikroplastikoak eta substantzia kutsakorrak ezabatzen ditu. Prozesua azkarra eta ekonomikoa da, eta ez du ekosistemarentzat kaltegarriak diren hondakinik uzten. 

Ikerketa Chemical Engineering Journal aldizkarian argitaratua izan da. Laborategietan egindako entseguen ostean, ikerlariek eskala handiagoan probatu nahi dute hauts magikoa. Hondakin-uretan erabiltzearen ideia aplikatu nahi dute. Modu honetara kostuak aurreztuko lirateke eta egunak irauten dituen prozesua azkartu. 

Ikerlariek baieztatzen dute substantzia honek urtean milioika plastiko eta mikroplastikorekin amaitu lezakeela. Albiste bikaina da, plastikoak 400 urte baino gehiago behar baititu desegiteko.