Iker Karrera hondarribiarrak Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen saria jasoko du
Maiatzaren 30ean izango da ekitaldia Donostiako udaletxean. Bezperan, Dantzaren Nazioarteko Eguneko gala egingo dute.
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen XVIII. saria jasoko du Iker Karrera hondarribiarrak maiatzaren 30ean, igandean, Donostiako udaletxean. Karrera, dantzaria, irakaslea eta koreografoa da. Jazz eta hip hop klaseak jasotzen hasi zen gaztetatik eta 18 urtetik aurrera Madrilera eta beste hainbat lekutara bidaiatu du dantzan formatzeko, hip hop zein dantza garaikidean eta ballet klasikoan. Parisen lan egin izan du Celine Dion abeslariarekin, eta artista frantsesen ikuskizun eta bideoetan. Disney Channeleko koreofrago laguntzaile izan da eta irakasle lanetan ere askotan aritua da Espainiar Estatuan, Los Angeles, Londres eta Mexikon, besteak beste. FAMA, a bailar telebista saio entzutetsuan aritu zen irakasle, eta Dantza 180º eskolako sortzaile eta zuzendarietako bat ere bada.
Sari banaketaren bezperan, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Karrerak koreografo moduan hartuko du parte, emanaldiaren amaiera aldera Cha Cha one aurkeztuko baitu Belen Lerroux, Raymond Naval, Pablo Costas eta Cesar Louzan dantzariekin. Beste gonbidatu batzuk ere izango dira XXIV. gala honetan; izan ere, nazioarteko hamar konpainiek hartuko dute parte eta berrogei dantzari inguru arituko dira dantzan. Dantzari horien artean izango dira Hodei Iriarte, Illicite Baionako konpainiakoak, Biarritzeko Mallandain Ballet-ekoak, Sharon Lavi israeldarra, Amaia Dorronsoro eta Mikel Aristegi donostiarrak, Aukeran dantza taldekoak eta beste hainbat.
Larunbateko galaz gozatzeko bi aukera izango dira, bata 12:00etan eta bestea, 19:00etan. Emanaldirako sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.