Ikasturtea ez duela inork errepikatuko erabaki du Espainiako gobernuak, EAEk ordea ez du akordioa aplikatuko
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta lehen mailako Batxilergoko ikasleei aplikatuko zaie erabaki hau. Ikastetxeek ikasleren batek errepikatu beharra duela erabakitzen badute, horretarako administrazioaren baimena beharko dute.
Atzo komunikatu zuten erabaki hau Espainiako Hezkuntza ministerioak autonomia erkidegoekin batera. Horrela, aipatutako ikasle guztiek gaindituko dute ikasturteak, nahiz eta ez duten guztiek nota berarekin gaindituko.
Irakasleek erabaki beharko dute ikasle bakoitzaren nota lehen bi hiruhilekoetan ateratako emaitzetan oinarrituta, hau da, alarma egoera ezarri aurreko hilabeteetan oinarrituta. Orduan klaseak presentzialak ziren eta ikasgelan egindako lana kontuan hartuko da.
Hori bai, hirugarren hiruhilekoa kontutan hartuko da, beti ere ikasleari onurak ekarriko badizkio. Horretaz gain, ebaluazioak ikasle bakoitzaren txosten pertsonalizatua gehitu beharko du eta beharrik balitz, horren arabera diseinatuko dira ezohiko ikasturte amaiera honek eraginda indarren jarriko diren errefortzu planak. Salbuespenak egon daitezke ordea. Kasu horietan ikasleak ikasturtea errepikatuko du, baina aipatu bezala horretarako ikastetxeek administrazioaren baimena beharko dute.
Bestaldeko, udako oporretan ikastetxeak irekitzeko aukera aztertzen ari dira hezkuntza adituek hala eskatuta Espainiako gobernuari. Atzean geratzeko arriskua duten ikasleak laguntzea du helburu neurri honek eta boluntarioa izango da ikasleentzat.
Errefortzu planak datorren ikasturtearen hasieran abiatuko dira, eta beraz, datorren ikasturterako aurreikusitako ikasgaiak murriztu beharko dira. Agintarien asmoa da espresuki helburu hori beteko duten irakasleak kontratatzea. Oraindik ikusteko dago noiz itzuli ahalko diren ikasleak klase presentzialetara.
EAEn ordea ez da akordioa aplikatuko
Jaurlaritzak adierazi duenez bere plan propioa diseinatuko du, nahiz eta plan "positiboa" iruditu zaion. Datozen egunetan ikusi beharko da zein izango den Euskadin hartuko diren erabakiak beraz.