'IKASTOLAK HERRIARI' JAIALDIA BILBON LARUNBATEAN
Anje Duhaldek, Paz de Ziganda ikastolako abesbatzak, Julen Alonsok, AMAK taldeak eta Eñaut Elorrietak jantziko dute musikaz jaialdia.
"Ikastolen jaiak euskara eta euskal kulturarentzako bost plaza handi" izaten direla eta, Ikastolak Herriari jaialdiaren bigarren ekitaldia egingo dute Bilbon larunbatean. "Euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak dira ikastolen jaiak. Aurten, iaz bezala, ezin izan dira egin ohiko formatuan, eta ikastolok ez dugu hutsik utzi nahi izan aurtengo urtea ere. Horregatik, plaza horietako lagin bat prestatu dugu azaroaren 27ko jaialdian erakusteko", adierazi du Ikastolen Elkarteak.
Ekimena Euskalduna Jauregian izango da, 20:00etan, eta honako artista hauek hartuko dute parte: Anje Duhalde eta Paz de Ziganda ikastolako abesbatza, Julen Alonso, AMAK taldea eta Eñaut Elorrieta. Iazko jaialdian bezala, aurten ere Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira aurkezleak. Sarrerak salgai daude, 15 euroan, Euskalduna jauregiaren webgunean.
Elkarteak gogorarazi duenez, "Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaien aurtengo edizioak formatu txikian egin ditugu. Urriaren 17an Lizarran ospatutako jaia izan zen gure ohiko jaien ezaugarrietara hurbildu zen bakarra. Baina antolaketan aritu diren talde guztiek lanean jardun dute denbora guztian, baita boluntario andanak ere, aldiro egoerara egokitzen eta aurrez antolatutako ekintzak berregokitzen. Une batzuetan, pandemiak ezartzen zizkigun mugen ondorioz, gure-gureak ditugun ezaugarrietako batzuei uko egin behar izan diegu: parte-hartzeari, herrigintzari, auzolanari… Oso gogorra izan da hainbatetan". Horretaz gain, helburu ekonomikoetatik urrun geratu direla ere azaldu dute.