Ikasteko prozesua errazten duten hamar aplikazio
Ikasketa prozesua arinagoa, antolatuagoa eta dinamikoagoa izateko moduen bila bazabiltza, jarraitu irakurtzen.
Garaiak aldatu egin dira, eta paperaz gain, arlo digitala ere lagungarria izan daiteke ikasketa prozesurako. Gaitegia antolatzeko, oharrak hartzeko, kontzeptuak buruz ikasteko eta hainbat kontu prestatzeko balio dezaketen aplikazioak daude.
Aplikazio bakoitzak bere izaera eta funtzioa izaten du, eta norberak behar duenaren arabera aukeratzea izaten da kontua. Hemen dituzu ikasteko baliagarriak izan daitezkeen zenbait aplikazio.
1. Anki
Oroimen-txartelak sortu eta haien bidez ikasteko aplikazioa da. Etengabe txartel guztiak erakutsi beharrean, gauza bakoitza lantzeko duzun premiaren arabera antolatzen du errepasoa. Hau da, erraz gogoratzen duzuna bakanago erakutsiko du, eta kostatzen zaizuna gehiagotan errepikatuko du. Eduki asko barneratu behar izanez gero, tresna egokia izan daiteke. Diziplina eta jarraikitasuna eskatzen du.
2. Quizlet
Ikasgaiak flashcard edo oroimen-txartelen, jolas eta galdetegien bidez memorizatzeko tresna da. Esate baterako, kontzeptuak, definizioak, datak edota hiztegia ikasten lagun diezazuke. Txartelaren alde batean galdera, terminoa edo kontzeptua jar daiteke, eta beste aldean, berriz, erantzuna. Informazio zehatza buruz ikasteko balio du, era azkar eta interaktiboan.
3. Forest
Arreta mantentzea nahitaezkoa da ikasteko garaian, eta horretarako balio du aplikazio honek. Sare sozialekin edo bestelako elementuekin ez katigatzea eta ikasketari heltzea da helburua. Ikasten ari zaren tartean zuhaitz birtuala hazten ari da eta pixnakaka basoa osatzen joan zaitezke. Saioa amaitu baino lehen aplikaziotik ateraz gero, zuhaitza zimeldu eta hil egingo da. Hainbat sari ematen ditu behar baino lehen ikasteari ez uzteko. Tarte laburrekin has zaitezke, eta gutxinaka denbora-tartea handitu.
4. Goodnotes
Paperezko koadernoa erabili ordez, material guztia digitalki eta toki berean izan nahi dutenentzat tresna aproposa da. Ikasgai bakoitzerako koadernoak sor daitezke, PDF dokumentuak txertatu, azpimarratu, eskuz idatzi, oharrak erantsi, irudiak sartu... Tableta erabiltzen duten ikasleek apunteak hartzeko eta antolatzeko aukera dute bertan.
5. Kahoot!
Galdetegiak sortu daitezke eta haiek erantzun ditzakezu, jolasa izango balitz bezala. Ikasi beharreko edukia galderetara bideratu eta norbere oroimenean arakatzea da gakoa. Modu dinamikoagoan errepasatzen lagun dezake.
6. Focus to Do
Lanerako denbora-tarteak eta atsedenaldiak antolatzen dira aplikazio honetan. Ikasketa ikasgaika edo blokeka bana daiteke, eta horretaz gain, egiteke dagoena. Pomodoro teknikak 25 minutuko tarteak egiteko joera du, baina zenbait lan egiteko tarte luzeagoak ere jar daitezke. Kontua da lan egiteko tartea eta atsedena aurrez antolatzea da.
7. Notion
Ikasketa egutegiak, egitekoen zerrendak, oharrak, jarraipena eta bestelakoak sortzeko balio du. Ikasketak, lana zein proiektuak antolatzeko erabil daiteke. Gehiegi korapilatzeko arriskua ere badu, baina egunean zer egin behar duzun, zer bukatu duzun eta egiteko zer duzun jakitea ere nahikoa izan daiteke.
8. Canva
Kartelak, sare sozialetarako irudiak eta halakoak egiteko zabaldu den aplikazio honek modu bisualean ikasteko ere balio dezake. Kontzeptu-mapak, eskemak, aurkezpenak, infografiak eta laburpenak presta ditzakezu, informazioa modu errazagoan barneratu ahal izateko.
9. Evernote
Hainbat motatako edukien oharrak sortu, antolatu eta gorde ditzakezu, guztia toki berean izateko. Iturri ezberdinetako informazioa batera dezakezu bertan: dokumentuak, web orrialdeak, ideiak, oharrak, loturak... Dena biltzeko aukera emango dizu, kaos betean gal ez zaitezen.
10. Formaci´´on Ninja
Oposizioak prestatu nahi dituztenei zuzendurik dago. Gaitegi eguneratuak, klaseak, ikasketa teknikak eta testak eskaintzen ditu. Buruz ikasteko estrategiak irakasten dituzte. Test mordo bat egin daitezke eta ordenagailuan zein mugikorrean erabil daiteke. Helburua opisizioa gainditzea da.