II. Señora Sariketaren finala izango da bihar Leitzan

Sei bertsolarik kantatuko dute finalean, tartean azken kanporaketan sailkatutako Sarai Roblesek eta Ane Labakak.

Bigarren Señora Sariketaren bi kanporaketen ostean, finala jokatuko da bihar Leitzan. Hendaian izan zen lehen kanporaketa eta Amaia Iturriotz Etxaniz eta Aner Euzkitze sailkatu ziren orduko hartan finalerako. Laudioko kanporaketan, berriz, Ane Labaka Mayozek eta Sarai Robles Vitasek eskuratu zuten azken saiorako txartela. Lau bertsolari horiekin batera arituko dira finalean gonbidatuak izan diren bi ohorezko señorak ere: Erika Lagoma Pombar eta Uxue Fernandez Lasa. Olatz Zuazubiskarrek eta Maria Osesek jarriko dituzte gaiak.

Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da Leitzako herri aretoan eta sarrerak eskura daitezke oraindik. Saioaren bueltan beste ekintza batzuk ere antolatu dituzte. Eguerdiko 12.30ean kantu poteoa egingo dute eta 14:30ean paella jateko aukera izango da, txartelik eskuratu beharrik gabe. Finalaren ostean, berriz, gurdi-poteoa egingo dute, eta gauean, 23:30etik aurrera, DJ Txillardegi eta Lilith Selektah izango dira Atekabeltz gaztetxean. 

Bertso-plaza berriak sortu eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko asmoz sortu zuten Señora Sariketa iaz. Sariketari izen hori jarrita, andre zaharrarekin eta bakardadearekin loturiko kontzeptuari buelta eman nahi izan diote antolatzaileek, hitzari ematen zaion esanahia eraldatu: “Emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena”. Kateorratza aukeratu dute aurtengo irudirako, “señora guztiak” ordezkatu ditzakeen tresna dela uste baitute: “Makarren txapetan dago, punkyen belarritakoetan eta adinekoen zapietan. Zorrotza da kateorratza eta denak elkartzeko balio dezake aldi berean".