II. Euspot lehiaketak baditu irabazleak

Atzo egin zuten Euspot Euskarazko Spot Lehiaketaren bigarren edizioko sari banaketa Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan, eta irabazleek pozik jaso zituzten sariak. Gainera, antolatzaileak gustura azaldu ziren jasotako erantzunarekin, lan kopuruak eta horiek kalitateak gora egin baitu aurtengoan.



Ikus-entzunezkoen eta euskararen alorrak bateratzeko asmoz, Mondragon Unibertsitateak, Arteman Komunikazioak eta Aretxabaletako Udalak iaz abiatu zuten Euspot Euskarazko Spot Lehiaketa. Orduko hartan bederatzi lan aurkeztu zituzten, eta antolatzaileek aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten, harrera ona ikusirik.

Hala, bigarren edizioa martxan jarri zuten martxoan, eta apirilaren 10era bitarte zabaldu zuten lanak bidaltzeko epea. Iazko markak hautsiz, aurtengoan 22 proposamen heldu zaizkie antolatzaileei, eta kopuruak ez ezik, lanen kalitateak ere gora egin dute aditzera eman dute. Lanak ikusi besterik ez dago parte hartzaileen mailaz jabetzeko!

Atzo, apirilak 16, egin zuten sari banaketa ekitaldia Aretxabaletan, Ainhoa Vitoria kazetariaren gidaritzapean. Raul Romo saxofonistak girotu zuen ekitaldia, spot guztiak proiektatu zituzten, eta gainera, Maite Goñi Internet eta hezkuntza arloetan adituak hitzaldia eman zuen. Zizka-mizkak ere ez ziren falta izan!

Irabazleak

Sarituen artean, Aitor Abaroa GAZTEZULOko kolaboratzailea dago. Berak jaso zuen, hain zuzen, 500 euroko Ikusleen Saria Ixi Boards spotarekin, 373 bozka eskuratu baitzituen lanak sei eguneko epean.

Mondragon Unibertsitateko spotik onenaren garaikurra, aldiz, Amaia Urteaga beasaindarrak eskuratu zuen Euskara Sarean #datsegit lanari esker. 500 euro eskuratu zituen berak ere.

Eta azkenik, Spotik Onenaren saria Iruñeako Markos Goikoleak jaso zuen. Bakoitzak berea. Sarean Euskaraz du izena spotak, eta umorea erabiliz euskararen erabilera bultzatzen du. 1.000 euro eskuratu ditu.